Berdintasunaren aldeko bost konpromiso hartu ditu Eneko Goiaren hautagaitzak
Anoetako euskal derbiaren aurretik, EAJk udal hauteskundeei begirako agerraldia egin zuen atzo. Berdintasunaren aldeko bost konpromiso hartu ditu alderdiak, eta horien berri eman zuen Nekane Arzallusek, hautagaitzaren zerrendako bigarrenak.
“Zerrenda osatzen dugunok konpromisoa adierazi dugu genero indarkeriaren aurka, eta horretarako, lanean jarraituko dugu prebentzioan, hezkuntzan, babesean eta genero indarkeria jasan duten edo jasateko mehatxua duten emakumeen laguntzan”. Bigarren konpromisoa udal langileen genero-politiken inguruko formazioa sustatzen jarraitzea izango da. Hirugarrena, aldiz, ondorengoa da: “Udal administrazioan ardura postuetan dauden emakumeen kopurua handitzea; baita ere Hiri Kontseiluetan dagoen emakumeen parte hartzea ere”.
Enplegu politiken ingurukoa da laugarren konpromisoa. “Lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten emakumeei laguntzeko enplegu politikak sustatuko ditugu”, adierazi du Arzallusek. Bosgarren eta azkenak, aldiz, kontziliazioarekin du lotura. Haur eskola gehiago egiteko konpromisoa hartu du hautagaitza jeltzaleak.