Jatetxeek elikagaiak ez xahutzeko gida atera du udalak

Gida

Jatetxeetarako gida. Nola egin aurre elikagaiak xahutzeari gidaliburua argitaratu du Donostiako Udalak. 25 neurri jasotzen ditu sukaldaritza prozesuan kontuan hartu beharrekoak; produktuak hartu eta biltegiratzen direnetik jantokian zerbitzatzen diren arte. Ingurumeneko Zinegotzigoak prestatu du gida.

“Udalaren ‘Donostia Xahuketarik Gabe’ ekimenaren barruan sartzen da. Iaz jarri genuen abian, Udalerrien Euskal Sarearen jasangarritasunerako Berringurumena programaren barruan. Orain arte, bereizgarri bat banatu besterik ez da egin ekimen horretan”, azaldu du Ane Oiarbide Ingurumen zinegotziak. 

Programaren aurre-proiektuan hiriko hamasei jatetxek parte hartu zuten bereizgarria jasoz: Harresia, Urepel, Gandarias, La Raviolina, Garraxi, Avenida XXI, Km.0, Australian Koorner, Garbera Sagardotegia, All i Olli, El Fogon, Ulia Aterpetxea jatetxea, Juantxo, Peregrinus, Bera-Bera jatetxea eta Bokado Aquarium.

Gida liburua aurkeztu ondotik, Oiarbidek hiriko gainerako ostalariei parte hartzera gonbidatu ditu. “Elikagaien xahutzeari aurre egitea garrantzitsua da. Europar Batasunaren lehentasunetako bat da; 2030erako elikagaien xahutzea %50 murriztea du helburu”. Egitasmoaren inguruko informazio gehiago topa daiteke udalaren webgunean.

HITZAkide HITZAkide