Anoetan jasotako pipa azalak ongarri bihurtuko dituzte
Anoetatik Gipuzkoako Baratzetara egitasmoa jarri dute abian Realaren Fundazioak eta Kutxa Ekoguneak, Ekotrade enpresarekin lankidetzan. Zaleek txuri-urdinen partiduetan jaten dituzten pipen azalak jasotzean datza egitasmoak, ondoren Gipuzkoako baratzetarako ongarri bihurtzeko.
Lehen mailako futbol estadio guztiak aintzat hartuta, 100.000 tona pipa jan zituzten zaleek iaz, eta horien azalen %70ak lurrean bukatu zuten. Azal horiek beste hondakin batzuekin batera jasotzen dituztenez ezin dira birziklatu.
Horregatik, kutxa biodegradagarri laranjak banatuko dizkiete zaleei, jaten dituzten pipen azalak kutxetan bota ditzaten. Partiduak bukatzean, estadioan jarriko dituzten kolore berdineko edukiontzietan utziko dituzte pipa azalez betetako kutxak. Baratzetako hondakin freskoekin nahastuko dituzte pipa azal horiek, eta 9-12 hilabeteko prozesu baten ondoren, Gipuzkoako baratzetarako ongarri bihurtuko dira.
Azken bi partiduetan Anoetako Ekialdeko Tribunaren goiko partean proba arrakastatsuak egin ondoren, estadio guztira zabalduko dute egitasmoa: hurrengo bi partiduetan Ekialdeko Tribunaren beheko partean eta Aitor Zabaleta Harmailaren goiko partean jarriko dute abian, ondoren gainerako zonaldeetara zabaltzen joateko.
Proiektua Atzegiko boluntarioei esker egingo dute, Gure txanda da kanpainarekin bat eginez. Bestalde, Anoetatik Gipuzkoako Baratzetara egitasmoa gizarte osoarentzako jarraibide izatea nahi dute antolatzaileek.