Greba feminista prestatzeko hitzordu berriak auzoetan
Martxoaren 8an 24 orduko greba feminista deituko du Euskal Herriko mugimendu feministak, eta Donostian hilabeteak daramatzate grebarako prestatzeko bilera irekiak egiten. Donostiako Asanblada Feministako kideek jakinarazi dutenez, Donostian “zaintza gatazka” lehen lerroan jarri nahi dute. Maila nazionalean adostutako ildoari jarraituz, esparru anitzetako emakumeekin lanean ari dira, eta emakume migratzaileen errealitatea nabarmendu nahi dute. Hiriko emakume migratzaileen elkarteak eta hiriko mugimendu feminista batera ari dira lanean, eta aurten, auzoetako mobilizazioak indartuko dituzte.
Greba feministaren egunerako hilabete baino gutxiago gelditzen da, eta datozen egunetan bilera eta aurkezpen gehiago egingo dituzte hiriko hainbat auzotan, prestaketekin jarraitzeko.
Parte Zaharrean, auzoko emakume, bollera eta transei bideratutako bilera egingo dute ostiralean, otsailaren 15ean. Asanblada Kijera gaztetxean izango da, 18:00etan. Egun berean, hilaren 15ean, Amara Berriko greba feministaren aurkezpena egingo dute Ilunki kultur elkartean. 18:00etan jarri dute hitzordua, eta aurkezpena ez mistoa izango dela azaldu dute antolatzaileek. Azkenik, Egian hirugarren asanblada irekia egingo dute datorren asteazkenean, otsailaren 20an. Tejeria kaleko 10.en zenbakian dagoen Dandai elkartearen egoitzan izango da, 19:30ean.