Haur minbiziaren aurkako VII. Elkartasun Ipar Martxa egingo dute
Ibilian ibili ASPANOGI, haur minbiziaren bizi iraupenagatik martxan lelopean egingo dute elkartasun martxa igandean, hilaren 17an, Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguna ezagutarazteko helburuarekin.
Ibilian ibili ASPANOGI, haur minbiziaren bizi iraupenagatik martxan lelopean egingo dute elkartasun martxa igandean, hilaren 17an, Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguna ezagutarazteko helburuarekin.
ASPANOGI Elkarteak antolatu du martxa eta, azaldu dutenez, parte hartzeko ez da kirolaria izan behar eta edozein adineko jendea joan daiteke. Bi bastoien laguntzarekin ibilbide guztia egitea da ideia, eta 50 bastoi pare banatuko ditu antolakuntzak. Hala ere, nahi duenak bere bastoi propioekin egin dezake martxa.
Igandean bertan, goizeko 9:00etatik 10:30etara banatuko dituzte dortsalak eta egingo duten zozketaren sariak. Bertatik hasiko da martxa 11:00etan, eta honako ibilbidea izango du: Sagues, Zurriola hondartza, Kursaaleko zubia, Salamanka ibilbidea, Paseo Berria, Apaizen ibilbidea, Harresia, Nautikoa, Kontxako hondartza, Ondarretako hondartza eta Haizeen Orrazia (6,1 km). Bestalde, Porrotx pailazoa eta Legion 501 taldeko laguntzaile inperialak izango dira martxa animatzen.
Martxan parte hartzeko herrikrosa.eus webgunearen bitartez egin daiteke, bost euroren truk. Lasterketa egunean bertan izena emanez gero, ordea, hamar euro ordaindu beharko dituzte parte hartzaileek. Adin txikikoek, aldiz, webgunearen bitartez ezin badute izena eman, egunean bertan bost euro ordaindu beharko dituzte.