Elkarbizitzarako txokoen gida
Emaus Gizarte Fundazioak Donostiako espazio publikoen mapa argitaratu du. Hiriko espazio eta toki irekiak erakutsi nahi ditu: kirola egiteko, kultur jardueretan parte hartzeko eta oinez zein bizikletaz ibiltzeko. Aske eta doan erabili daitezkeen egoteko lekuak dira guztiak.
Donostia inklusiboago bat eraikitzeko guneak mapa batean jaso ditu Emaus Gizarte Fundazioak. «Gozatu, jolastu, irakurri, elkarrekin egoteko tokiak bildu ditugu; zaintza erdigunean jarriz», azaldu dute. Hilabeteetako lanketaren emaitza dagoeneko eskura daiteke hiriko hainbat tokitan. Hala nola, kultur etxeetan, Cristina Enea Fundazioan, Emaus fundazioaren dendetan, Easoko UdalInfo bulegoan, Emakumeen Etxean, Koldo Mitxelenan, Kaxildan eta Txantxarreka gaztetxean.
Norberaren denboraren erabileraren, kontsumo arduratsuaren eta gizarte partaidetzaren inguruko hausnarketatik abiatzen da Donostiako Espazio Publikoak mapa. «Espazio baten erabilera askeaz gozatzeko inolako eragozpenik edo murrizketarik ez dela egon behar ulertzen dugu», dio Sheila Padrones Emauseko kideak. Espazio publikoak eguneroko bizitza garatzeko eta hau komunean jartzeko balio duten lekuak direla dio Emausek. Beste hainbat pertsonekin gurutzatu eta esperientziak partekatzen diren leku horiek.
«Elkarbizi eta komunitatea eraikitzen dugun lekuak dira. Espazio hauek era libre eta berdintsuan erabiltzearen menpe dago, beraz, gure benetako parte hartzea komunitate horretan», nabarmendu du Maider Sagredo Emauseko eta Saretuzeko kideak. Espazio publiko gisara identifikatu dituzte hiriko berdegune, plaza eta hondartzak. Baita ere, kultur etxe zein zentroak –Tabakalera, esaterako– eta kirol guneak, doakoak zein ordainpekoak.
Elkarlanaren emaitza
Eragile hainbatek parte hartu dute mapa osatzerakoan. Emausek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duten Uba inklusio zentroko kideekin hainbat bilera egin dituzte, beraien behar eta nahiak ezagutzeko. «Txango pare bat ere egin genituen Ametzagaña parkean eta Ulian toki batzuk bertatik bertara ikusteko», dio Padronesek. Mapak jasotzen duen informazioa aberasteko asmoz, bere ekarpena egin nahi izan duten norbanakoekin eta baita hiriko hainbat proiekturekin ere alderatu dute; Saretuzekin, M-Etxearekin eta Cristina Enea Fundazioarekin. Lanketa guztiaren ostean, jasotako informazioarekin diseinatu zuten hiriko espazio publikoen mapa. Donostiako Udala eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia izan dira proiektua diruz lagundu dutenak.
Herritarrei zuzenduriko tresna erabilgarria da. Elementu guztiak erraz identifikatu eta ulertzeko moduan jarri dituzte mapan. «Auzoak, berdeguneak eta leku esanguratsuen ilustrazioak dira kokatu ditugun elementu nagusienak», esan du Sagredok. «Kaleei baino garrantzia handiagoa eman diegu beste elementu batzuei erabilgarriagoa izateko», gaineratu du Padronesek. Mapa osatzerako garaian zailtasunak ere izan dituzte. «Adibidez, Ametzagaña parkea egunez ondo dago eta espazio publiko erabilgarria da. Gauez, ordea, ez da segurua. Argiztapena falta denez gune iluna da. Horrela, hiriko beste mapa batzuk erabili ditugu. Kasu honetan, Puntu Kritikoen mapa», azaldu du Sagredok. Beste mapa horiek osatzeko baliagarria izan da beraien lanketa. «Segurtasuna bermatzen ez duten leku publikoak identifikatu ditugu, eta horiek udalari jakinarazi. Aipaturiko argiztapen arazoa hobetzeko eskaera bidean da, eta aurki emango diote irtenbidea», azpimarratu du Padronesek.
Emausek espazio publikoaren ikuspegi propioa islatu du mapan, baina hausnarketa orokorrago bat merezi duela uste dute. «Berez, hiri osoa da publikoa. Guretzat gune publikoak dira hiritarrak bizitzeko eta gozatzeko lekuak. Alegia, elkarbizitzarako guneak dira espazio publikoak», adierazi du Sagredok.
Hiriaren argazkia
Espazio publikoari dagokionez, eskaintza zabala du Donostiak. Ordea, herritarrek ez dituzte gune guztiak ezagutzen. «Auzoetan parke eta plazak ditugu, baina ez dakit ohitura dugun toki horiek erabiltzeko kontsumitu gabe. Erdialdean, Parte Zaharrean eta Grosen gertatzen da hori. Batez ere, Erdialdeko kale askotan bankuak kendu dituzte terrazak jartzeko. Beste auzo batzuetako parkeetan jendea elkartzen da, hitz egiteko edo egoteko», azaldu du Padronesek. Beste bi eredu jarri ditu Sagredok: «Sagueseko horma elkartzeko gune bat da, eta Kursaaleko atzealdea ere bai. Jendea gustura egoten da horrelako lekuetan».
Gune estali publikoak ere baditu hiriak. «Beste jarduera batzuk egiteko aukera ematen dute. Kultur etxeetan eskaintza ugari ditugu. Tabakalera bera era eredu argi bat da. Patioan jende asko batzen da, eta ez dira denak kontsumitzera joatean. Leku estali batean egoteko aproposa da», dio Padronesek. «Leku batean egoteak ez du esan nahi kontsumitu behar denik», gaineratu du Sagredok. Tabakalera aipatuta, inklusioaren oinarria azpimarratu nahi izan dute. Hausnarketa baten beharra dagoela uste dute. «Lan asko dugu egiteko inklusioaren alorrean. Donostia hiri inklusiboa dela uste dut, baina begiradaren arabera aldatzen da. Esaterako, lehen gune publikoetan ikusten genituenak etorkinak ziren, eta orain ilegalak direla esaten digute».
Herritarrei begira sortu dute mapa, eta hemendik aurrera herritar horientzako erabilgarria izatea nahi du Emausek. Guztira, 500 ale atera dituzte. «Ahalik eta gehien zabaltzea nahi genuke, jendeak ezagutzea zeintzuk diren hiriko espazio publikoak. Halere, nahi duguna da maparen bitartez harreman gehiago sortzea pertsonen artean Donostian, kontsumoari lotuta ez daudenak. Ez dugu apal batean utzi nahi, mapa erabilgarria izatea nahi dugu», dio Padronesek.
Paperean argitaraturiko mapak jarraipena izango du Interneten. Izan ere, Saretuzek aurkeztu duen mapa birtualean txertatuko dute. Hain zuzen ere, kontsumo ohiturak aldatu eta kontsumo arduratsuaren alde egiteko kanpaina berri bat jarri du abian Saretuz. Webgunean mapa bat jarri du arduraz kontsumitzeko 16 irizpideak nabarmentzeko. Saretuzen mapaz gain, Puntu Kritikoen mapa da Emausek egin duenaren osagarri. Donostiako Udalaren webgunean kontsultatu daiteke, eta etengabe eguneratzen ari dira.
Donostiak mapa orokor bat dauka, eta irakurtzeko modu ugari. Emausen ekarpenaren bidez beste hiri eredu bat ikus daiteke, inklusiboagoa izan nahi duenarena. Herritarren esku dago orain.