"Honaino iritsi izana bera saria da jada"
Realak historia egiteko aukera izango du igandean, Anoetan. Sevillaren aurka jokatuko duen partida irabaziz gero, taldeak lehenengo aldiz lortuko du kopako finalerako sailkatzea. 2011n aukera bera izan zuten donostiarrek, baina Bartzelonak amets hura zapuztu zien orduan. Iraia Iparragirre (Lasarte, 1995) atzelariarekin hitz egin dugu kanporaketa garrantzitsuaren atarian.
Iganderako prest?
Oso motibatuta gaude. Taldea behin bakarrik iritsi da finalerdietara eta, gainera, aurkari gisa Sevilla tokatu izana ezin hobea izan da guretzat. Ez partida erraza izango delako, baizik eta gainerako taldeak oso indartsuak direlako.
Finalera iristea lor dezakezue lehen aldiz.
Historia egiteko aukera daukagu eta, gainera, taldea oso sasoi onean dagoela esango nuke. Kanporaketa gainditzea gauza ederra izango litzateke denontzat.
Nola ikusten duzue aurkaria?
Entrenatzailea aldatu zutenetik Sevillak asko hobetu du bere jokoa, eta badakigu aurkari zaila izango dela. Azken finean, beraientzako ere aukera historikoa da, inoiz ez baitira finalerdira iritsi.
Egia da ere denboraldi honetan beraien aurka jokatutako bi neurketak irabazi egin ditugula, baina horrek, ez digu ezer bermatzen, noski.
Egokitu zitzaizkizuekeen beste aurkariak ikusita, finalerdiko lehenengo gola zozketa izan zen.
Sevilla egokitzeko aukera ehuneko txiki bat besterik ez zen, eta garbi dago Bartzelona eta Atletico Madril direla aurkari gogorrenak. Zorionez, zortea eduki genuen eta, gainera, etxean jokatzea tokatu zitzaigun.
Zeintzuk dira Sevillak planteatzen dizkizuen arrisku nagusiak?
Joko oso bertikala daukate, eta baloia hartzen duten aldiro kontraeraso azkarrak eraikitzeko gai dira, aurrelari oso bizkorrak dituztelako.
Hala ere, Athleticek ere azkartasun hori dauka, eta aurreko asteburuan euren kontraerasoak eteteko gai izan ginen. Horretan sakontzeko, Sevillaren jokoa moztu eta gurea eraikitzeko tresnak landu ditugu.
Zeintzuk izango dira, zure ustez, zuen puntu indartsuenak?
Urtetik urtera asko ikasi dugu, eta gure jokoan hori asko nabaritu da. Aurrerapauso bat eman dugu. Hortaz, baloia eduki eta mugitzeko aukera badugu ondo joango zaigu, guk ere oso aurrelari onak ditugulako.
Gainera, aipatu duzun bezala, etxekoen laguntza izango duzue.
Denboraldiko bigarren partida jokatuko dugu Anoetan, eta pasa den asteburuko esperientzia ikusita, ziur nago zaleek egundoko gertutasuna sentiaraziko digutela.
Hori izugarria da guretzat, eta baita emakumeen futbolarentzat ere. Gure kirola zabaltzeko aukera aparta da, eta espero dugu bide horretan aurrera egiten jarraitzea.
Kanporaketa partida bakarrekoa denez, ez duzue akatsentzako tarterik izango.
Partida bakarreko kanporaketena kopak aurten izan duen berritasunetako bat da. Onerako edo txarrerako, 90 minutu horietan dena jartzen duzu jokoan. Formatu honekin orain arte dena ondo joan zaigu, eta orain arte bezala prestatu dugu igandeko norgehiagoka.
Azken bederatzi partidetatik ez duzue bat bera ere galdu. Sasoi paregabean iritsiko zarete Anoetara.
Hala da. Une latzak pasatzea tokatu zaigu, baina gai izan gara gure gabeziak bete eta berriro ere emaitza onak lortzeko. Egindako lan horri guztiari esker gaude hemen orain.
Argi dago iazko denboralditik proiektua asko sendotu dela.
Aurreko denboraldian oso hasiera zaila izan genuen eta ez ginen batere ondo hasi. Horrek entrenatzaile aldaketa ekarri zuen, eta Gonzalo Arconadak hasieratik berak dakien guztia guri transmititzeko ahaleginak egin ditu. Jokalariok bere mezuak ongi jaso ditugula iruditzen zait, eta geroztik etorri dena horren fruitu izan dela uste dut.
Ligan, iazko marka berdintzeko zortzi puntura zaudete, bederatzi jardunaldiren faltan.
Behin taldeak martxa hartu duela, sailkapenaren goiko aldean egoteko gai garela ikusi dugu, eta baita klub handienen aurka puntuak lortu ditzakegula ere.
Hala ere, ez dugu urrutira begiratu nahi, partidaz partida eta helburu txikiak jarraituz lortzen delako helburu handiak betetzea.
Partidaz partida zoazte, eta burua igandekoan duzue, baina, irabaziz gero, finalean noren aurka lehiatzea gustatuko litzaizuke?
Bi taldeak oso onak dira, eta horregatik daude liga sailkapenaren buruan. Kopako azken hiru finala beraiek jokatu dituzte. Hortaz, bata hala bestea izan, aurkari zail zein polita izango litzateke. Hala ere, bat aukeratzekotan, Bartzelona aukeratuko nuke. Ez errazagoa delako, inondik inora. Hain zuzen, niretzako ametsa litzateke Bartzelonaren aurka neurtu, partida fina jokatu eta finala irabaztea.
Edozein kasutan, honaino iritsi izana bera saria da jada guretzako, eta irabazten jarraitzea gustatuko litzaigukeen arren, orain arteko joko ona berriro ere erakustea nahikoa izango litzateke gure buruaz harro egoteko. Lanean jarraituz, hankak lurrean mantenduko ditugu, eta hemendik aurrera behar duena izan dadila.