"Gai jartzailea ere sortzailea da"
Hamahiru urte daramatza bertsogintza munduan. Bertsolari gisa ez dabilen arren, beste hainbat lan egin izan ditu Bertsozale elkartean, besteak beste, Euskal Herriko txapelketako gai jartzaileen koordinazio lana. Aurten ere, gai jartzaile ikastaroa antolatu du Bagera elkarteak, eta Iriarte izango da saioen gidaria.
Zein da Bagerak antolatu duen ikastaroaren helburua? Edozeinek eman dezake izena?
Ikastaroa bertsozalea den edonorentzat da. Ez dago gai jartzaile izan beharrik, eta ez da gai jartzaile izateko pretentsio handirik behar ezta ere. Ikastaroa egokia da bertsozalea den edozeinentzat, eta gaiak jartzearen sekretuak ezagutu nahi dituen ororentzat.
Donostiako kasu zehatzari begira, azken aldi honetan, bertso saio asko ari dira antolatzen auzo elkarteetan eta auzoetako festetan. Zorionez, gero eta gehiago antolatzen dira, nolabait esateko, formatu txikiko bertso saioak. Momentu batean, Bagera elkartekoak gehienbat, ohartu ziren bertso saio horietan, askotan, auzo elkartekoren bat ibiltzen zela gai jartzaile lanak egiten. Pertsona horiek euskaltzaleak izaten dira normalean, baina bertsogintzarekin harreman gutxi dutenak. Orduan, hori saihesteko eta bertso saioen maila bermatzeko asmoz, gai jartzaile ikastaroa antolatu du Bagerak.
Isilpean gelditzen da maiz gai jartzaileen lana, baina zuek gabe, saio bat aurrera ateratzea zaila da. Zein da gai jartzaile baten funtzioa?
Gai jartzaile on baten gakoa da bertso saioaren ondoren inor ez ohartu izana gai jartzailea oholtzan egon denik ere. Zorionez, bertso saio bat ikustera joaten den inor ez da joaten gai jartzailea entzutera. Horrek ez du esan nahi gai jartzaileak garrantzirik ez duenik; alderantziz. Bertso saio bat atera daiteke ona edo txarra, azken finean, bat-bateko ariketa bat izanda, probabilitateak antzekoak direlako. Zorionez, gai jartzaileak eta bertsolariek aurretik etxeko lanak eginda ekartzeak ez du bermatzen saio ona izango denik, baina egia da saio ona izateko aukera handitzen dela aurreko lanketa ona izan bada.
Ikusten ari gara azkenaldian bertsozaletasuna handitzen ari dela. Zaleak gero eta gehiago konturatzen dira gai jartzaileek daukaten garrantziaz. Azkenean, gai jartzailea sortzailea ere bada. Gai jartzaileak markatzen du saio bakoitzaren editoriala.
Jarrera kritikoa izateak garrantzia du gai jartzaile baten jardunean?
Bai, jakina. Gai jartzaile batek, alde batetik, bertsolaritzaren inguruko jakintza izan behar du. Bestetik, bertsolaritzak beti izan duen ezaugarrietako bat da aktualitatearekin lotura zuzena izatea. Orduan, bada gai jartzailearen lana eta ardura aktualitateko gaiak oholtza gainera eramatea, bertsolariek nahi duten moduan horiei buruz kantatzeko.
Gai jartzailearen beste gakoetako bat da oholtzara eraman behar duela gaia, baina bertsolariari beti utzi behar diola tartea eta aukera berak nahi duenari buruz iritzia libre emateko. Horregatik iruditzen zait garrantzitsua gaien abaniko ahalik eta zabalena izatea eta ez esparru jakin batera bideratzea ariketak.
Gaiak bezala, ariketa bakoitzean bertsolari bakoitzak izango duen rolak eragina dauka ariketa bakoitzean. Rolak aukeratzeko, zein irizpide hartzen dira kontuan?
Rolen banaketa oso inportantea da, eta kasu horretan, bi lan mota daude. Alde batetik, txapelketetako lana eta bestea, plazako bertso saioetako lana. Lan horiek elkarren artean zerikusi gutxi dute, arrazoi sinple batengatik: txapelketetan gai jartzaileok jartzen ditugun gaiak inpertsonalak izaten dira, eta horrela izan behar dira. Gainera, gaien artean oreka bat egon behar da. Gai jartzailea ahalik eta neutroen izan behar da, eta bertsolariaren lanean ahalik eta gutxien eragin.
Plazako saioetan, aldiz, guztiz kontrakoa gertatzen da. Saioaren arrakastarako, kantatu behar duten bertsolarien profila kontutan hartu behar dugu. Gaiak pertsonalizatzen saiatzen gara, eta bertsolariaren arabera, gai eta rol bat edo beste jartzen ditugu.
Halaber, txapelketako gai jartzaileen lana taldean egiten da, eta plazakoa pertsonalagoa izaten da. Txapelketetan gai jartzaileen taldearen lanak garrantzia handia du, eta jende askok uste du Euskal Herriko txapelketa nagusian, esaterako, aurkezlea dela gaiak prestatu dituena. Aldiz, lan talde oso baten lana dago atzean, normalean urtebete lehenago hasten dena lanketa egiten.
GAI JARTZAILE IKASTAROA
Tokia. Ikastaroko saioak Bagera Elkartearen egoitzan izango dira (Hernani Kalean).
Egutegia. Astearteak (Otsailak 26, martxoak 5, martxoak 12 eta martxoak 26).
Ordutegia. Saioek 18:30etik 21:00ak arteko iraupena izango dute.
Formatua. 2 ordu eta erdiko 4 saio (Gehienez 15-20 lagun).
Izen ematea. 943 005 074 telefonoan eta bagera@bagera.eus helbidean.
Prezioa. Orokorra 35€ eta Bagerako bazkideek, ikasleek eta langabetuek 25€.