Pio XIIko Bizilekua, erabilera baxuko gunea
Joan den abenduan inauguratu zuten hiriko autobus geltoki zaharreko gune eraberritua. Bizikletan ibiltzeko zirkuitu bat eta bizikletentzat aparkaleku itxi bat dira elementu nagusiak. Gaur egun, erabilera oso baxua du.
Pio XIIko autobus geltoki zaharra bizikletentzako parke bihurtu da. Bizileku izena jarri diote, eta joan den abenduan inauguratu zuten Eneko Goia alkateak eta Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak. Jolasteko gune bat eta bizikletentzako gaitasuna ikasteko zirkuitu bat jarri dituzte parkean. Gainera, bizikletan ibiltzen trebeak direnentzako hainbat oztopoz osatutako gune bat dago.Bizikletentzako aparkaleku bat eta merkantziak banatzeko zentro bat ditu baditu. DUM (Distribucion Urbana de Mercancias) izena jarri diote banaketa zerbitzuari, baina Aranak jakinarazi duenez, oraindik ez dago martxan: «Lekua prest dago eta zerbitzua emateko azken tramiteak egiten ari dira. Horiek amaituta martxan jarriko da».
Bizikletentzako parkina, aldiz, dagoeneko irekita dago. Hala ere, mugikortasun zinegotziak jakinarazi du erabiltzaile gutxik erabili dutela orain arte aparkalekua: «Urtaro hau bizikleta gutxien erabiltzen den urtaroa izanik, erabiltzaile gutxi erabiltzen ari da zerbitzua. Aurreikuspena da, udaberria iristen denean erabiltzaile gehiago izatea». Aranaren iritziz, denbora piskat beharko du udalak zerbitzua ezagutzera emateko, autobus geltokiko bizikletentzako parkinarekin gertatu zen antzera. «Zabalik daraman epean ikusi dugu badaudela gauza txiki batzuk konpontzeko, zirkuitua, batez ere txikienentzat, erosoagoa egiteko. Horiek guztiak kontuan hartuta, uste dugu gunea ondo gelditu dela, eta gune atsegina dela bertatik paseatzeko, esertzeko, eta haurrek jolasteko», gaineratu du zinegotziak.
Amara Berriko auzo elkarteak, berriz, iritzi guztiz desberdina du. Gunea eraberritzeko beharraren aurrean, uste dute ez dutela proiektuarekin asmatu. Izan ere, uste dute orubea ez dela auzotarrentzat berreskuratu, eta Aranak esan bezala, erabilera oso baxua duela azaldu dute. Auzo elkartekoek diotenez, ez dute gunea behar bezala moldatu, eta zonaldea oso arriskutsua da, albo guztietatik auto asko pasatzen direlako.
Eraberritze proiektu «itzela» espero zuten auzo elkartekoek, baina uste dute egin dutena petatxu bat dela: «Hobe zuten proiektu on bat izan arte lekua zegoen bezala mantendu, eta gastatu duten dirua beste proiektu baterako gorde». Era berean, kritikatu dute ez dela izan proiektu parte-hartzaile bat, eta auzotarrek ezin izan dutela eraberritzearen diseinuan proposamenik egin. Adierazi dute bilerak egiten dituztela zinegotziekin, eta behin behineko proiektua diseinatzen hasten direnean, diseinuan parte hartzeko aukera izatea espero dutela gaineratu dute.