Zubietako erraustegiak isurien etengabeko neurketarik egingo ez duela dio GuraSOSek
GuraSOSek bigarren dokumentu konfidentziala aurkeztu du agerraldi baten bidez. Plan de Vigilancia Ambiental da dokumentua, enpresaren eta GHKren artean sinatutakoa. “Ingurumena zaintzeko plana da, foru agintariek isilpean mantendu nahi zutena”, azaldu dute Maria Jesus Imaz Usurbilgo Udarregi ikastolako zuzendariak eta Jose Cruz Ruiz Villandiego medikuak.
“Orain arte foru eta osasun agintariek argudiatutako argudio nagusiaren faltsukeria agerian utzi du. Hots, ez da egia erraustegiak botako dituen sustantzia toxikoenak (dioxinak, furanoak eta metal astunak) modu iraunkorrean neurtuko direnik. Urte osoko tartean, 24 eta 36 ordutan baino ez dira neurtuko. Lehen urtean 36 eta hurrengo urteetan 24 ordutan soilik, eta urteak 8740 ordu ditu. Beste era batera esanda, urtean egun batez soilik”, salatu dute.
Horrekin batera, herritarrak lasaitzeko erabilitako argudioek zentzurik ez dutela azpimarratu dute. “Etengabe neurtzen ez bada, ezinezkoa da jarduera automatikoki geldiaraztea, mugaz gaindiko emisioak eman orduko”. Gezurra “ondo planifikatua” zegoela gaineratu dute: “Alde batetik konfidentziala dela ziurtatuz, eta, bestetik aurkitzen zaila den modu batean izatuz: letra oso txikian eta dokumentu erantsi batean dago datu hau. Eta azkenik zeintzuk sustantzia neurtuko ziren modu jarraian eta zeintzuk ez zehazteko garaian sustantzien izenak ezkutatuz”.
Pasa den astean, GuraSOSek erraustegiko proiektuaren komunikazio plan konfidentzialaren berri eman zuen. Erraustegiaren proiektua “saltzeko” helburuz, ingurumen arriskuak kontrolatzeko mekanismoak eta bermeak gizarteratzeko estrategia batean sartzen dela salatu zuten.
Larunbat honetan, hilak 23, manifestazioa egingo dute erraustegiaren aurka.