Loiolako zeharbidea bulebarrean bihurtzeko proiektua onartu du udalak
Loiolako Euskotren geltokiaren azpiko plaza handituko dute. Donostiako Udalak Loiolako zeharbidearen hirigintzaren azken proiektua onartu du. 6,8 milioi euroko aurrekontua du, eta lanekin bigarren seihilekoan hastea aurreikusten du udalak.
Bulebar berriak hiru bide izango ditu; bi Loiolako Erriberako norabidean, eta bakarra, Txomineneako norabidean. Mendebaldean bidegorria izango du, eta zuzeneko bidea egingo du Urdinzuko zubia bitarte. Aldi berean, zeharbidearen mendebaldeak igogailua izango du, eta Ariztigaiña kalearekin izango du lotura.
Txikiagoa izango da ibilgailuentzako gunea, eta beraz, oinezkoek eremu zabalagoa izango dute. Ardatz berria izango du zeharbide berrituak. Hau da, gune zabalak eta lorategiak. Era berean, egungo Euskotren geltokiaren aurreko plazarekin lotura izango du. Plazan hainbat jarduera egiteko aukera egongo dela esan du Eneko Goia alkateak. Hala nola, azokak, jokoak eta kontzertuak.
Proiektuak 86 aparkaleku sortzea aurreikusten du. Horietako 50 Loiolako Erriberako biribilgunearen eta tren geltokiaren artean egongo dira. Gainerako 36 aparkalekuak, aldiz, Jauregiberri bide berrituak. Horrez gain, garaje eta zamalanak sartzeko bidean beste 37 aparkaleku jartzea aurreikusten du proiektuak. Auzotarrek gauean ibilgailua aparkatu ahal izango lukete aipaturiko gunean.


