Ubikeko bitartekariak konponbide gabe, Tabakalerako arduradunekin bildu ostean
Tabakalerako Ubik sorkuntza liburutegiko langileek 60 egun daramatzate greban. Ubikeko langileak haserre agertu ziren euren sare sozialetan, atzo, otsailaren 18an Tabakalerako arduradunekin bilera egin ostean. Bitartekariek Tabakalerako arduradunek “oso gauza larriak” esan zizkietela salatu zuten txio batean. Bi hilabeteren ostean Ubikeko langileek konponbiderik gabe jarraitzen du eta aste horietan langileek hainbat bilera egin dituzte Tabakalerako administrazio kontseiluarekin, Tabakalerako arduradunekin eta zerbitzua azpi-kontratatzen duen Sedena enpresarekin, guztiak emaitza negatiboarekin.
Bitartekariek Gipuzkoako esku hartze sozialeko hitzarmena aplikatzeko eskaera luzatu izan diete arduradunei, eta atzo argitaratutako txioan kritikatu zituzten eskaeraren aurrean jarritako trabak: “Orain arte zioten esku hartze sozialeko hitzarmena omen zela arazoa, baina argi geratu da hau gezurra zela. Orain diote eskatzen ari garena gehiegizkoa dela”.
Plazaratu dituzten eskaera zehatzen berri eman zuten langileek eta gogor kritikatu zuten Tabakaleraren iritzia. Haien ustez eskaera horiek “gehiegizkoak” dira. Eskatu dutena ondorengoa da: 24.000 euroko soldata urtean (Gipuzkoako batezbestekoa 28.000 eurokoa da), eta igandeetako plusa, antzinakotasun plusa eta oporrak kobratzea.
Gainera, Tabakalerak adierazitakoa azaldu dute txioan: ELA sindikatua hurrengo bileretara joan ezkero, Tabakalerakoak ez dira bitartekariekin gehiago bilduko. Ubikeko langileek esan dute Tabakalera berriro ere ardugaberiaz jokatzen ari dela eta aitzakiak jartzen ari dela.