Topoaren igarobideak eragindako kalteak salatu dituzte udalbatzarrean
Satorralaia bizilagunen mugimendua otsaileko udalbatzarrera joan da Topoaren igarobidearen lanek eragindako kalteak salatzera. EH Bilduren eta Irabazi Donostiaren udal taldeek salatu dute “gehiegizko” segurtasun neurriekin izan dituztela udal batzar aretoan. Hain zuzen ere, EH Bilduk kontrol mozioa aurkeztu du Topoaren igarobidearen harira. Besteak beste, garraio publikoaren lehentasunen inguruko ikerketa bat egiteko eskatu diote udal gobernuari.
“Mugikortasun ikuspegitik proiektua ez da beharrezkoa, eta diru publikoa botatzen ari gara. 8.900 sinadura aurkeztu ziren udalean Topoaren igarobidearen inguruko kontsulta edo hausnarketa bat egiteko. Herritarren pertzepzioaren azken inkestaren arabera ere, %51ak dio obra hau ez dela hiriarentzat lehentasuna. Baina kosta ala kosta aurrera eramaten ari zarete igarobidea”, salatu du Ayem Oskozek, EH Bilduko zinegotziak.
Hiriko garraio publikoaren lehentasunak Altza-Galtzaraborda eta Loiolako Erriberako proiektuak direla gaineratu du. Horrez gain, igarobidearen lanek herritarrei sorturiko kalteak nabarmendu ditu. “Donostiarrak beharrezkoa ez den lan batzuen ondorioak sufritzen ari dira. Gainera, informazio guneetan ez zarete azalpenak ematen herritarrek. Tramite burokratiko nahasgarri batean galtzen dituzue”.
Ernesto Gasco zinegotzi sozialista kritiko aritu da aurkezturiko mozioarekin. “Debate hauek datuekin egin beharko lirateke. 2018an milioi bat bidaiari gehiago izan ditu Euskotrenek. Horrek erakusten du garraio publikoaren alde gaudela. Gauzak ondo doaz eta datuek erakusten dute. Topoaren igarobidea ere ildo beretik doa. Konexioak eta maiztasunak hobetuko ditu eta hori onuragarria da hiriarentzako”. Garraio publikoaren inguruko ikerketa guztiak eginda daudela adierazi du Gascok. “Ez dira gehiago behar”.
EH Bilduk esandako gauza batzuk “gezurra” direla esan du Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak. “Lanek ondorioak dituzte, baina ez da egia beste alde batera begira ari garenik. Kexa guztiak jasotzen ari gara eta konexio zuzena ezarri dugu herritarrekin ETSren bidez”. Era berean, atzo prentsan azalduriko pitzaduren inguruko azalpenak eman ditu. “Hedabide batzuek eman duten albistea ez da zuzena. Agertu diren pitzadurak eskaiola materialean agertu dira. Lanek ez dute etxe bakar baten egituran kalterik eragin. Ez da larrialdirik sortu behar gaiaren inguruan”.
Erantzunen ondotik hartu du hitza, berriz ere, Oskozek. “Ernesto badakigu zuk Donostia New York gisakoa izatea nahi duzula. Horrela erakutsi duzu Eusko Jaurlaritzan zeundenetik. EAJk ere ez zuen babesten igarobidearen proiektuak eta zuen gobernu koalizioen aitzakian irentsi behar izan dute”. Eztabaidaren ondoren, mozioak ez du aurrera egin.