Udalbatzak konpromisoa hartu du Ubikeko bitartekarien lan gatazkan inplikatzeko
Tabakalerako Ubik liburutegiko langileek 62 egun bete dituzte greban. EH Bilduk gatazka otsaildeko udalbatzarrera eraman du udal gobernuari eta alkateari bitartekaritza lanak eskatzeko. Alderdi guztiek aho batez onartu dute eskaera. Iazko azaroan antzeko mozio bat onartu zuten udal talde guztiek. Ordea, 62 egunetan behin bakarrik elkartu da udala bitartekariekin.
Sedena enpresa azpi-kontratatuaren eta langileen arteko gatazkan udalak ere erantzukizuna duela azpimarratu du Amaia Almirall EH Bilduko bozeramaileak: “Maiz esan duzue gatazka enpresa eta langileen artekoa dela, eta konfiantza jartzeko zuzendaritzarengan. Baina bitartekaritza lana egin behar du udalak”. Hori dela eta, bitartekaritza bera nolakoa izan behar duen adierazi du. “Udalak egin behar duen bitartekaritza aktiboa ez da udaltzainak bidaltzea langileak identifikatzeko. Bi aldeen arteko akordioa erraztu behar da”.
Irabazi Donostiak udal batzar saioan esandakoa ez da denen gustukoa izan. Amaia Almirallek nabarmendu du prekarietatea kulturara ere iritsi dela. Ubikeko langileen egoera jarri du eredu. Ordea, baieztapen horren kontra agertu da Jon Insausti EAJren bozeramailea: “Hori ez dut onartuko, ez delako egia. Adibidez, Donostia Kulturako kudeaketa eredugarria da”. Bestalde, mozioa babestearekin batera gatazkaren bi aldeen arteko elkarrizketak bide onetik doazela esan du Insaustik. “Prozesua motela bada ere, pozgarria da hori”.
Kritiko agertu da Jose Luis Arrue PPko zinegotzia: “Oposizioko hiru alderdiak gara Administrazio Kontseiluan ez gauden bakarrak. Ubik itxita egotea ondo iruditzen zaizue? Tabakalera ez da kulturaren faroa?”.