"Gure haurrak, ingurumena eta osasuna babestera etorri gara"
Martxa jendetsua egin du GuraSOS elkarteak, gaur arratsaldean. 'AdOStASUNAri esan baietz!' lelopean, ehunka lagun abiatu dira Antiguako tuneletik eta Bulebarrean izan dute helmuga.
Manifestazioaren bukaerako ekitaldian GuraSOS elkarteak ozen azaldu du gaurko aldarria: “Gure haurrak, ingurumena eta osasuna babestera etorri gara”.
Azken denboran egindako ibilbidearen laburpena eskaini dute jendaurrean. “Aurrera goaz pixkanaka. Gurutzebideak izan ditugu. Erakundeen aldetik trabak, etengabe. Horietako asko hainbat hedabideren bozgorailuarekin. Baina gizartea esnatu da. Informazioa jaso nahi du. Aditu eta ikerlariak entzun. Egia bilatu. Egia, osasuna, ingurumena, eta nola ez, gure haurrak babestu”.
Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileari hitz batzuk ere zuzendu dizkiote: “Ez duzue ezer ulertu. Gu ez gaude borrokarako; elkarlanerako baizik”. Horrela, plan bat aurkeztu diote Aldundiari hiru irizpide jasotzen dituenak. “Jendarteak eskatzen duena jaso dugu planean: osasuna lehenestea, eraiki diren instalazioak ahalik eta ondoren aprobetxatzea, eta bideragarria izatea”. Izan ere, dagoeneko Zubietan eraiki den erraustegiari beste erabilera bat emateko eskatu du GuraSOSek.
“Aldundiaren zenbait proposamen gureak egiten ditugu. Adibidez, biometanizazio zentroa. Baina erraustegia, ez”, azpimarratu dute. “Oraindik eskura dugu benetako konponbidea. 35 urtetarako gatazkarik ez dugu nahi; adostasuna, osasuna eta bakea”.