Portaaviones berritua aurkeztu dute
Arrantza eta itsas jarduerak sustatuko ditu, eta itsasoko produktuei balioa emateko zentroa jasoko du.
Urtebete inguruko lanen ostean, gaur aurkeztu dute Donostiako kaian dagoen Portaaviones izeneko eraikin berritua. Arrantza eta itsas jarduerak sustatuko ditu, eta itsasoko produktuei balioa emateko zentroa jasoko du. Eneko Goia alkateak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak egin dute aurkezpena.
Mende batez hiriko arrantza jarduera jaso duen jatorrizko egitura errespetatuz –1943an eraikia–, proiektu berriarekin betiko erabilerak eta erabilera berriak elkartu dituzte. Eraikina kaiko erreferentzia gune bilakatzea dute helburu Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak. Zehazki, kaiaren eskumena Jaurlaritzarena da.
Berritze lanetaz VAUMM estudioa arduratu da. Eraikinaren oinarria eta kaian betetzen duen erdigunea errespetatu dute. Era berean, erabilera berriak eta tokian modu egokian integratzen den irudia eman diote; modernoa eta tradizioa uztartuta. Erliebea duten pieza zeramikoak erabili dituzte kanpoaldeko diseinurako. Obrak, berriz, IZA eraikuntza enpresak egin ditu 1,5 milioi euroren truke.
Antolaketa
Hiru gune eta zerbitzu eskainiko ditu Portaaviones eraikin berrituak: arrantza jarduerekin loturiko erabilerarako sotoak, Euskadi Kirol Portuak erakundearentzako bulegoak, eta baxurako arrantzaren balioa indartzeko zentroa; eraikinaren erdigunea. Lanak oraindik bukatu gabe daudela azpimarratu dute Tapiak eta Goiak. Zehazki, eraikina eta kalea maila berean jartzea falta da irisgarritasuna bermatzeko. Horrekin batera, urbanizatu egingo dute kaiaren sarrera eta eraikinaren ingurua.
Iazko martxoan hasi zituzten Portaaviones izeneko eraikinaren berritze lanak.