1.702 istripu gertatu ziren 2018an Donostian, 2017an baino 81 gutxiago
2018ko istripuen datuak aurkeztu dituzte gaur goizean Pilar Arana mugikortasun zinegotziak eta Martin Ibabe hiritar segurtasuneko zinegotziak.
1.702 istripu izan ziren guztira 2018an Donostian, eta pertsona bat hil zen, hau da, 2017an baino 81 istripu gutxiago eta hildako bat gutxiago. Horregatik, istripuen beherakada hori “oso positiboa” dela adierazi du Ibabek. 2.371 ibilgailu egon dira inplikatuta guztira: 1.231 ibilgailu biktimarik gabeko 904 istriputan, eta 1.140 ibilgailu biktimak izandako 798 istriputan.
919 zauritu egon ziren guztira istripu horietan, 349 emakume eta 570 gizon. Zaurituen artean, 878 arinak izan ziren, 40 larriak, eta aipatutako hildako bat, moto gidaria zena. 2017ko datuekin alderatuta, 940 zauritu arin eta 43 larri egon ziren.
Harrapatzeei dagokienez, 2017an baino lau harrapatze gutxiago gertatu ziren 2018an, 96 gertatu baitziren guztira. 135 ibilgailu egon ziren inplikatuta, eta 102 oinezko: 55 emakume eta 47 gizon. Bestalde, bizikletek harrapatzeetan izan duten inplikazioa handitu egin da, 54 bizikleta egon baitziren inplikatuta 2018an, 2017ko 18 bizikleten aurrean.