Donostia Kirolaren zerbitzuen araudia berritu dute
Otsaileko udalbatzarrean babestu zuen udalbatzak Donostia Kirolaren zerbitzuen araudiaren berritzea. Erabiltzaileen eskubide zein betebeharrak, eta kirolguneak arautzen ditu. 2017an onarturiko araua eguneratu du udalak.
Araudiak datu pertsonalak eta erabiltzaileen irudiak babesteari buruzko alderdi berriak biltzen ditu, haien eskubideak bermatuz eta erabilera babestuz. Esaterako, kirol instalazio guztietan –aldagelak, komunka, saunak eta antzeko guneak– debekatuta dago argazki kamera eta bideo kamerak erabiltzea, pertsonen intimitatea kaltetu dezaketelako. Halere salbuespenak diti: familientzako oroitzapen gisa egin ahalko dira grabaketak, eta baita ere kirol errendimenduko entrenamenduetan.
Beste berrikuntzetako bat da udal kirol instalazioetan antolatutako kirol lehiaketak eta erakustaldiak arautzea, eta horietan kontuan hartu dira kiroleko indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako legeak aurreikusten dituen xedapenak. Gauza bera gertatzen da euskararen erabileraren normalizazioan indarrean dauden araudiekin eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako legeetan, araudi berri honen hainbat ataletan ere agertzen baitira.
Bestalde, kirol instalazioetan eta antolatutako kirol ekitaldi edo probetan publizitatearen edukia ere arautzen du. 20 gradu baino gehiagoko edarien publizitatea debekatuta dago. Aldiz, ekitaldiak adin txikikoei zuzendurikoa badira edozein alkoholdun edarien publizitatea debekatuta egongo da. Era berean, tabakoaren publizitatea erabat debekatuta dago.