Espainiako militarren "probokazio ekintza" bat salatu du Sortuk
Parte Zaharreko Sortu alderdiak ohar bat plazaratu du pasa den ostiraleko gertaera bat salatzeko. “Ikatz kalean (Juan de Bilbao kalea) 22:30ak aldera, 10 gizon sartu ziren korrika kale horretan, formazioan. Aurretik bat zihoan buru, eta atzetik, hiruko ilaratan, beste bederatzi. Denek kirol arropa zeramaten. Arriba España eta Viva España moduko oihuak eginez igaro zuten kalea, korrika”.
Horrekin batera, militarretako batek taberna bateko zerbitzariari ukondoan kolpe bat eman ziola esan dute. “Lekuko batzuek jakinarazi dutenez, buruan zihoanak eskuan JB whisky botila bat zeramala zirudien eta agindu batzuk eman zizkien gainontzekoei kalean sartzerakoan”.
Sortuk dio ezin duela erabat ziurtatu Espainiako militarrak zirenik, baina itxura guztien arabera bazirela. “Gertakari honen arriskuaz ohartarazi nahi dugu. Denok ditugu buruan Altsasuko gertakariak. Ostiralean kalean zegoen jendea ez zen probokazioan erori, baina zer gertatuko litzateke 10 gizon horiek, zerbitzariari kolpea emateaz gain, norbait jipoitzen hasi balira edo besterik egin izan balute?”.
Gertaturikoaren ondoren, bi gauza eskatu ditu Sortuk. Batetik, “indar okupatzaileak” Euskal Herritik “alde egitea”. Bestetik, gainerako indar politikoei gertakaria salatzeko eskatu diete.