Janari bilketa egin dute Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara eramateko
Amaitu da Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara eramateko aurtengo bilketa. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (S.E.A.D) Lagunen elkarteak jakinarazi duenez, Euskal Herriko herri eta hirietan dauden Mendebaldeko Sahararen aldeko elkarteek hartzen dute lan horren ardura, eta merkataritza guneetan, hirietan eta ikastetxeetan egiten da janari bilketa. Donostialdean 12.654 kilo janari eta 67 konpresa kaxa bildu dituzte aurten, eta material hori garraiatzeko, Donostiako gazte talde batek margotutako bi trailer erabiliko dituzte. Joan den larunbatean, otsailaren 23an, Zurriolan egon ziren ikusgai.
Gipuzkoa osoan 55 tona janari eta 19 konpresa palet bildu dituztela jakinarazi dute S.E.A.D-en Lagunen elkarteak, eta Euskal Herrian bildutako material guztia zazpi trailerrez osatutako karabana batek eramango du errefuxiatuen kanpamenduetaraino. Karabana larunbatean, martxoaren 2an, aterako da Laudiotik (Araba) eta gidari bolondresek Alacanteraino (Herrialde Katalanak) eramango dituzte zazpi kamioiak. Han itsasontzietan kargatuko dituzte, eta Oranera (Aljeria) heltzean saharar gidariek eramango dituzte Tindoufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamenduetaraino.