Jangeletako greba deialdia bertan behera, akordioa sinatu ostean
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako jangelak kudeatzen dituzten enpresetako langileen lan baldintzak hobetzeko akordioa sinatu du LABek patronalekin gaur. Horrela, biharko, hilaren 26rako deituta zegoen greba bertan behera gelditu da. Ostiral arratsaldean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako langile asanbladek berretsi egin zuten ostegunean lortutako aurreakordioa. LABekoak pozik agertu dira eta kudeaketa zuzeneko eskola-jangeletako langileak zoriondu dituzte, “lehen helburu handia lortu dutelako: soldaten parekatzea”. Era berean, akordioa sinatu arren, oraindik borrokatzeko arrazoiak daudela jakinarazi dute: enpleguari eustea, ratioak hobetzea, funtzioen definizioa eta lan berdinagatik baldintza berdinak lortzea.
LAB sindikatuak eta patronalak sinatutako akordioak honako baldintzak biltzen ditu:
- 2019ko urtarriletik abuztura, Hezkuntza Saileko sukaldarien portzentajearen igoera berdina (%3,62 metatua egungo taulekiko).
- 2019ko irailetik aurrera sukaldarien soldata %100ean berdinduko da Eusko Jaularitzaren Hezkuntza Saileko sukaldarienarekiko, eta langile laguntzaileen soldata Saileko langileen soldatei %98an parekatuko zaie.
- 2020ko urtarrilean %99koa izango da langile laguntzaileen parekatzea Hezkuntza Saileko sukaldarien erreferentzia taulekiko.
- 2021eko urtarrilean %99koa izango da parekatzea.
- 2022ko urtarrilean, %99,5ekoa.
- 2023ko urtarrilean %100ekoa izango da parekatzea, eta ordurako eskola jangeletako langile kolektiboaren parekatzea lortuko da.
Era berean, LABek jakinarazi du akordioak kolektiboarentzat garrantzitsuak diren beste aldarrikapen batzuk ere jasotzen dituela. Besteak beste, lantokiaren antzinatasuna kontuan hartzea eta ezinbestekoa den denbora seme-alabak medikura laguntzeko.
Azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzarekin ere batzartu dela LAB, ratio eta funtzioen inguruan hitz egiteko, eta honezkero zaharkituta dagoen 2000ko araudia aldatzeko.
Bide batez, gogoratu dute Eusko Jaurlaritzarena dela ikastetxe publikoetako eskola-jangeletako funtzionamendu eta kudeaketaren erantzukizun osoa, eta kontuan izan behar dela zerbitzu publikoa dela, diru publikoarekin funtzionatzen duena.