Woody Allen zinemagilearen hurrengo filma Donostian grabatu dezakete
Lehen harremanak egin ditu Mediapro ekoiztetxeak San Sebastian-Gipuzkoa Film Comission Donostiako sustapen zerbitzuarekin, Woody Allen zinemagile estatubatuarraren hurrengo filma Donostian grabatzeko.
Uztailaren lehen egunetan hasiko lirateke Donostiako grabaketak egiten, eta zazpi astez iraungo lukete. Ekoiztetxeko ordezkariek egin hirira egin duten lehen bisitan, leku tipikoak ikusi dituzte; Kontxako hondartza, Parte Zaharra eta Haizearen Orrazia, hain zuzen. Izan ere, filma leku horietako batean grabatzeko aukera aurreikusi dute, oraindik lekua bera zehaztu ez badute ere.
Ernesto Gasco alkateordeak, aldi berean SSGIFilm-eko arduraduna denak, ekoizleekin izan zuen lehen bilera gogobetekoa izan zela adierazi zuen, eta filmeko aktoreek eta talde guztiak Donostian ostatu hartzeko dituzten aukerak nabarmendu zituen: “Gure ustez, Donostiak ederki asko bete ditzake mahai gainean jarri dituzten planteamenduak eta beharrak. Taldeak eta pelikulako aktoreek hemen ostatu hartzeko aukerak eskaintzeko lan egingo dugu. Donostiarentzat oso ona da Woody Allenek gure hiria filmatzeko aukeren artean edukitzea, hiriaren marka propioa nazioartekotzen lagunduko bailuke”.
Ekoiztetxeko ordezkariek, beraien aldetik, dituzten ekoizpen premiak adierazi zituzten ostiralean, hala nola, talde guztiaren ostatua, ekoizpen-bulegoak jartzeko espazio bat izateko aukera, eta dituzten 14 kamioiak hirian zehar mugitzeko aukera. SSGIFilm-ek, ostatu aukera handia eskaini die ekoizleei, Maria Kristina hotela, besteak beste. Bestalde, ekoizpen-bulegoak jartzeko espazio bat izateko aukerak ere helarazi dizkiete ekoizleei.