Kontxako pasealekuko eskualdeko horma konpondu eta zabalduko dute
Donostiako Udalak onartu du Kontxako pasealekuaren zati bat zabaltzeko proiektua. Zehazki, kostaldeko horma konpondu eta handituko dute; Bainu Errege Etxearen eta Antiguako Tunelaren artean. 1,4 milioi euroko kostua izango du.
Proiektuaren lehen fasea martxoan hastea aurreikusten du udalak. Bigarren Mendeurreneko Balkoiaren eta Antiguako Tunelaren arteko zatian egin beharreko obrak dira. Ondorengo lanak egingo dituzte eremu horretan: boladizo berria, 200 metroetan baranda aldatu, eta pasealekuaren drainatze sistemaren aldaketa.
Boladizo berriak 40 metroko luzera izango du, Bigarren Mendeurreneko Balkoian hasiko da eta tunelera iritsi aurretik bukatuko da. Espaloia metro bat eta lau metro artean zabalduko da, eta horretarako hormigoi armatuko estruktura eraikiko da. Eneko Goiak lanen helburua azaldu du: “Pasealekua lerrokatu eta egun dagoen iskina kentzea da asmoa. Boladizoak hegal handiagoa izango du Antiguako tunelaren ondoan, eta pixkanaka txikitzen joango da Bigarren Mendeurreneko Balkoira iritsi arte”.
Zortzi hilabeteko epea izango du Obras Especiales Edificación e Infraestructuras enpresak lanak egiteko. Hortaz, uda garaian ere lanetan ariko dira hondartzara joan daitezkeenei oztoporen bat edo beste eraginez.