Portaaviones eraikina eta kaiko lurzorua maila berean jarriko dituzte
Eneko Goia alkateak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza "ahal bezain pronto" hasiko da portuko urbanizazio lanekin.
Pasa den larunbatean aurkeztu zuten Donostiako kaiko Portaaviones eraikin berritua. Eusko Jaurlaritzak egin ditu lanak, eta oraindik bukatu gabe daudela ohartarazi zuen Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak.
Izan ere, eraikinaren eta kaiko lurzoruaren artean koxka bat dago. Auzotar hainbatek kezka agertu dute aipaturiko koxkarekin. Batez ere, komun publikoetara sartzeko irisgarritasun gabeziarengatik. Dena dela, Tapiak aurkezpenean adierazi zuen behin-behineko arrapala batzuk jarriko dituztela eraikinaren inguruan urbanizatzen duten bitartean.
Bizilagunen kezkari erantzunez, Eneko Goia alkateak esan du Jaurlaritza “ahal bezain pronto” hasiko dela portuko urbanizazioarekin. Eperik zehaztu ez badu ere, eraikina eta kaia maila berean jartzeko asmoa “berehalakoa” da.