Txomineneko Arteleku plaza egiteko hurrengo pausoa eman du udalak
Babes Ofizialeko 146 etxebizitza eraikitzeko baimena ere adjudikatu dute; Eusko Jaurlaritzaren lehen promozioa izango da auzo berrian.
Donostiako Udalak iaz abiatu zuen Txomineneko Arteleku plaza berriaren inguruko prozesua. Gaur, berriz, proiektua idazteko kontratua onartu du.
Hainbat baldintza bete beharko ditu proiektuak. Batetik, 2018ko ideien lehiaketako proiektu irabazlea eta gainerako 14 proiektuak aztertzeko auzotarrekin egindako jardunaldien ondorioak.
Bestetik, ondorengo baldintzak zerrendatu dituzte: naturaren eta auzoak behar dituen instalazioen arteko oreka, gune berde gehiago izatea lorategi eta kanpoaldeko guneei lekua emanez, plaza zabala izatea, aurreikusita dauden ekipamenduetarako bi sarrera izatea, haurrentzako parkea –gune estali batekin–, gune libreak eserlekuekin eta atsedena hartzeko tokiekin, eta kirola egiteko guneak.
Plazan egingo diren ekipamenduek 7.600 metro koadro hartuko dituzte. Aldiz, plazak gune publikoko 4.946 metro koadro izango ditu, eta lotura zuzena izango du Ibai parkearekin auzo berriko kale nagusiaren bidez.
Babes Ofizialeko etxebizitzak
Txominenean Babes Ofizialeko 146 etxebizitza eraikitzeko baimena eman dio udalak IZA Obras y promociones S.A enpresari. Eusko Jaurlaritzak auzo berrian egingo duen lehen promozioa da, eta gehienez, hiru urtetan bukatura egon beharko du.