Kortazar zabalguneko eraikinak arriskuan daudela dio Donostia Defendatuz taldeak
"Lurpeko harezko geruzaren desegonkortze bat eragingo dute, uren filtrazioen eta obrek eragindako jarioen ondorioz", azpimarratu dute.
Donostia Defendatuz koordinakundeak salatu duenez, Topoaren igarobidearen lanek kalteak eragin ditzakete Kortazar zabalguneko eraikinetan. “Gure kezka areagotuz doa. Lanek hirian sortzen ari diren afekzio larriez gain, azpiegitura handi hori ezjakintasun izugarriarekin diseinatu dute”, azpimarratu dute.
Kortazar zabalgunearen ezaugarri berezietan horrelako eraikuntza lan bat egiteak arrisku ugari dituela gaineratu dute. “Lurpeko harezko geruzaren desegonkortze bat eragingo dute, uren filtrazioen eta obrek eragindako jarioen ondorioz. Horrekin batera, indusketa makinek sorturiko bibrazioek kalte handiak eragin ditzakete eraikinen egituretan”.
Horrez gain, berriz ere nabarmendu dute Erdialdeko lanen bibrazioen eraginez pitzadurak sortu direla Zubieta kaleko 1. zenbakiko eraikinean. Iazko azaroan agertu ziren pitzadurak goiko solairuko etxebizitzan. Kalteen argazkiak eta informazioa Topogunea bulegoan aurkeztu zituzten, eta ordurik salaketak aurrera egin duela adierazi dute.
Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak, aldiz, pitzaduren gaiari garrantzia kendu zion pasa den osteguneko udalbatzarrean. “Hedabide batzuek eman duten albistea ez da zuzena. Agertu diren pitzadurak eskaiola materialean agertu dira. Lanek ez dute etxe bakar baten egituran kalterik eragin. Ez da larrialdirik sortu behar gaiaren inguruan”. Horrela ere, Donostia Defendatuz koordinakundeak pitzaduren afera berretsi du.