Zezenketen inguruan galdetzeko udalak eskumenik ez duela berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak
Epaia errespetatu arren, "gehiegizkoa" dela azpimarratu du Eneko Goia alkateak.
Donostiako Udalaren azken saiakerak ere ezezkoa jaso du. Zezenketen inguruko kontsulta bat egiteko udalak eskumenik ez duela berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak. 2017ko martxoaren 3an Ministroen Kontseiluak galdeketa egiteko aukera ukatu zion udalari, eta helegite bat aurkeztu zuten urte bereko apirilean. Ia bi urte luzeren ondoren, eskaera baztertu du Gorenak eta orduko erabakia berretsi.
Eneko Goia alkateak azpimarratu du epaia errespetatzen duela, baina “gehiegizkoa” dela. “Batetik, galdeketak egiteari buruzko muga ezartzen du. Bestetik, eta kezkagarriagoa dena, udal baliabideak zein helbururekin erabili daitezkeen erabakitzeko muga jartzen du. Hau da, udal batek horretarako izan beharko lukeen askatasuna ukatzen du”.
Udal gobernuko bi alderdiak ez daude ados zezenketen inguruko kontsultarekin. EAJren udal taldea herritarren iritzia jasotzearen aldekoa da. Aldiz, PSE-EEren udal taldeak albo batera utzi zuen galdeketarekin aurrera jarraitzeko aukera, “zezenketak babesteko” lege bat indarrean dagoelako.EH Bildu eta Irabazi-Donostia udal taldeek kontsulta egitearen aldeko “bide berriak” aztertzeko eskatu zien jeltzaleei. Auzibidea agortuta, udal taldeek kontsulta nola bideratu aztertu beharko dute.
Kronologia eguneratua:
2015
- Apirila. Donostiak behin betiko eta aho batez onartu zuen herri kontsultaren araudia.
- Uztaila. Espainiako Estatuaren Abokatuak galdeketa araua inpugnatu zuen.
- Abendua. Donostia Antitaurina Orain plataformak zezenketei buruz kontsulta egiteko sinadurak biltzeari ekin zion.
2016
- Martxoa. Plataformak 10.000 sinadura aurkeztu zituen udaletxean, beharrezkoak baino 2.000 inguru gehiago.
- Maiatza. EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen Donostiako galdeketa araua.
- Uztaila. Udalak zezenketen inguruko galdeketari data jarri zion; 2017ko otsailaren 19a.
- Abuztua. Donostia Antitaurina Orain plataformak manifestazio jendetsua egin zuen, Aste Nagusiko lehen egunean.
- Iraila. Espainiako Estatuaren Abokatuak otsaileko galdeketa behin-behinean bertan behera uzteko eskatu zuen.
- Urria. EAJ eta PSE-EEk adostu zuten Espainiako Gobernuari baimena eskatzea zezenketen inguruko kontsulta egiteko. Irabazik alde bozkatu zuen, PPk kontra, eta EH Bildu abstenitu egin zen.
2017
- Urtarrila. Aurten ere, Ilunben zezenketak egingo direla iragarri zuen Eneko Goia Donostiako alkateak.
- Martxoa. Espainiako Ministroen Kontseiluak ez dio baimenik eman udalari zezenketen kontsulta egiteko.
- Apirila. EAJk, EH Bildu eta Irabazi Donostiarekin batera adostu zuen Ministroen Kontseiluaren erabakiari helegitea jartzea.
2018
- Otsaila. Zezenketen inguruko kontsulta bat egiteko eskatu dute Donostia Antitaurina Orain! plataformak eta Eguzki talde ekologistak.
- Otsaila. Espainiako Auzitegi Gorenak Ministroen Kontseiluak ezarritako debekua berretsi du.