Hirigintza arauen eguneraketa bideratu dute, kritiken artean

Otsaileko ezohiko udalbatzarrean onartu du udalbatzak Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko hirigintza arauen aldaketa. Oposizioko udal taldeak kritiko agertu dira udal gobernuarekin, espedienteari zuzenketak aurkezteko epea “laburregia” izan delako. Horrek espediente osoago bat egitea galarazi duela esan dute EH Bilduk, PPk eta Irabazi-Donostiak.
Plan Orokorraren 127 artikuluetatik 85 aldatzeko proposamena eraman du udal gobernuak udal batzar aretora. “2010ean onartu zen indarrean dagoen Plan Orokorra. Gizartea asko aldatu da ordutik, eta baita hiria ere. Horregatik eguneraketa bat behar du planak. Juridikoki aldaketak behar ditu. Besteak beste, ondarea babesteko legearen eguneraketa eta Pisu Turistikoen Ordenantza adostu ditugu legealdian, eta horietara egokitu behar da Plan Orokorra”, azaldu du Enrique Ramos Hirigintza zinegotzi sozialistak.
Dena dela, udal gobernuaren proposamenak jasotzen duen aldaketa esanguratsuena etxebizitzen zatiketa da. Miren Albistur PPko bozeramaileak Ramosi gogorarazi dioen moduan, etxebizitzen zatiketa arautzen duen ordenantza bat onartu zuen udalak 2011ko martxoan. Halere, etxebizitza bat bitan banatzeko azalera gutxitu nahi du udal gobernuak. Horrekin ados agertu dira guztiak, erabilera arauak errespetatzen badira. Horrez gain, hirigintza arauen artean bada beste bat garrantzitsua dena: aurrerantzean, bizitegi izaera duten etxebizitzak hotel bat bihurtzeko udalbatzak babesturiko plan berezi bat beharko du.
“Guk ez dugu baliabiderik bost egunetan zuzenketak prestatzeko”, salatu du Albisturrek. Izan ere, udal taldeek egun gutxi izan dituzte Plan Orokorraren aldaketa espedientea aztertzeko. Hirigintza arauen inguruan partaidetza prozesurik egon ez dela salatu du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak. Ordea, Ernesto Gasco sozialisten bozeramaileak horrelako eztabaidak baztertu behar direla erantzun die. “Horrelako planak eguneratzeko 20 eta 25 urte behar izaten dituzte udal gobernuek. Ekarri dugun espedientea konplexua da. Garrantzitsuena onartzea da”.
Kritikarekin jarraituz, Burutaranek udal gobernuaren hirigintza politika zalantzan jarri du. “Zuek egingo zenituzten hirigintza proiektu horiek denak paperezkoak zirela genion. Hala nola, Antondegi eta Auditz Akular. Denborak arrazoia eman digu, eta azkenik, eraikitako hiriari erreparatu diozue etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. Bide horretan topatuko gaituzue”.