IX. Bertsopaper lehiaketa egingo dute Altzan
Altzako Bizarrain Euskara Elkarteak Bertsopaper lehiaketa antolatuko du auzoan bederatzigarren urtez. Altzako bertsozaleak taldeak eta Altzania elkarteak antolaturiko Bertso Aroaren baitan sorturiko egitasmoa da, eta 18 urtetik gorako bertsozaleei dago zuzendua.
Lehiaketara aurkeztutako lanek hurrengo baldintzak bete beharko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek:
- Bertsoak gai eta doinu librean jarriko dira.
- Bertso sorta bakoitzak gutxienez hiru eta gehienez zortzi bertso izango ditu.
- Lanak originalak, aurrez saritu gabeak, argitaratu gabeak eta euskaraz sortuak izan behar dira.
- Ezinbestekoa da bertso sortaren doinuaren izena argi adieraztea.
- Bertsopaperak ordenagailuz idatzirik aurkeztuko dira.
- Lanak bakarkakoak izango dira.
- Bertsopaperak goitizen batekin sinatuko dira.
Lehiaketako irabazleak tableta digital bat eta Altzako baserrietako produktuez osatutako otarra jasoko du. Auzotar batek aurkezturiko bertsopaper onenari, berriz, Antton Mendizabalek egindako Lau haizetara oroigarria eta beste otar bat egokituko zaizkio.
Lanak bidaltzeko epea martxoaren 17an amaituko da, eta bi modutara aurkeztu ahal izango dira: fisikoki edo bizarrain@altza.net helbide elektronikora idatziz. Fisikoki aurkezturiko bertsopaperek hurrengo irizpideak jarraitu beharko dituzte:
- Bertso sorta originala eta bi kopia aurkeztu beharko dira, gutun-azal handi batean sartuta. Beste gutun-azal txikiago batean egilearen datuak aurkeztuko dira: izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbakia.
- Egilearen goitizenai garbi adierazi beharko da bi gutun-azaletan.
- Lanak Bizarrain Euskara Elkartearen egoitzan aurkeztuko dira (Casares Kultur Etxea, Darieta bidea 1).
Epaia 2019ko martxoaren 30ean emango dute ezagutzera, Altzako XIX. Bertso Asteko bazkarian.