Amarako auzotarren kezkak helarazi dizkiote alkateari
Amara Bai auzo elkartea Eneko Goiarekin elkartu da auzoari eragiten dioten proiektuen inguruan hitz egiteko. Esaterako, Easo plazaren lehen zatiko berritze lanak.
Bilera informatiboa egin dute Amara Bai auzo elkarteak eta Eneko Goia alkateak, aste honetan. Auzoaren nondik norakoen eta hirigintza lanen inguruan aritu ziren, besteak beste. «Amarako arazo eta proiektuen inguruan hitz egin genuen ordubetez. Gure auzo oposizioa arduratsua izango zela esan genion», adierazi du Harkaitz Aranburu auzo elkarteko kideak. Bilera «positiboa» izan zela esan dute bi aldeek. Goiak konpromisoa hartu zuen auzoaren inguruko erabakien berri emateko. Era berean, aurrera begira Amaran aurreikusita dauden proiektuetan auzotarren ikuspuntua jasotzeko prest agertu zen.
Amara Bai auzo elkarteak alkatearengana jo behar izan du hirigintza gaiez arduratzen den alderdi sozialistaren erantzun faltarengatik. «Bilerari esker jakin dugu egun gutxi barru adjudikatuko dituztela Easo plazaren lehen zatiko berritze lanak. Hiru hilabeteko obra izango dela esan digute».
Epeen harira haserre agertu da Aranburu: «Oso sinplea da gure eskaera; hitz emandakoa betetzea eta epeak errespetatzea. Azken 40 urteetan auzoa bahituta izan dugu, eta horrela jarraituko dugula ematen du. Udalak gure lehentasunei ere kasu egitea nahi dugu. Baina beti dago garrantzia gehiago duen proiekturen bat. San Bartolome muinoko lanekin nahikoa ez balitz, Topoaren obrak ere iritsi dira».
Hain zuzen ere, urteak daramatzate Easo plaza eta inguruaren biziberritzea eskatzen. «Auzoak proiektu integral bat behar du, bere osotasunean urbanizatuko duena. Gaur egun Easo plaza bi zatitan dago bereizita, eta biak elkartzea nahi dugu», azaldu du Aranburuk. Une honetan, ez dakite Easorako aurreikusita dauden proiektuak zeintzuk diren. Sozialistei sarritan galdetu diete, baina ez dute erantzunik jaso.
Eskaera zehatzak
Zazpi gai izan zituzten hizpide bileran. Eskaera orokorrarekin batera, Topoaren lanen afekzioez, Easoko trenbideak estaltzeko proiektuaz eta Amara kaleko proiektuez aritu ziren. «Auzotarren artean kezka dago lanen inguruan. Alkateak adierazi digu afekzioei lehentasuna emango diela. Bestalde, kezka kolektiboa sortzen du Topoaren igarobideak. Batez ere, auzoko ostalari eta merkatari txikien artean».