«Dantzan 30 ateratzen gara, baina atzean jende gehiago dago»
Donostiako Inauterietan parte hartuko duen 26 konpartsetako bat da Intxaurrondoko Betiko Zuhaitz. Urte osoa daramate asteburu honetarako prestaketekin, eta, aurten, xakea izango da beraien gaia.
Intxaurrondoko Bernart Etxepare plazako lokal batean egiten dituzte entseguak Betiko Zuhaitz konpartsako kideek. Inauterietan buru-belarri sartuta dabiltza dagoeneko, izan ere, atzo, otsailaren 28an, Donostiako Inauterietako gainerako konpartsekin batera jaien hasierako festan hartu zuten parte, Illunben. Gaur, Koldo Mitxelena Kulturunearen aurrean jarritako oholtzan konpartsen aurkezpenean egongo dira, eta gauean, Intxaurrondoko kaleetatik zehar desfilatuko dute.
Hiriko Inauteriak bi astez luzatuko dira aurten, eta Intxaurrondoko konpartsakoek hitzordu ugari dituzte datozen egunetan. Bihar, martxoaren 2an, Goiztirietan parte hartuko dute, eta arratsaldean Erdialdeko kaleetan desfilatuko dute, urte osoan zehar prestatutako koreografiak erakusteko. Gauza bera egingo dute igande arratsaldean. Astelehenean Sardinaren ehorzketara joango dira, eta datozen bi asteburuetan, Loiolako Erriberan eta Altzan desfilatzeko aukera izango dute.
Betiko Zuhaitz konpartsaren arduraduna da Lydia Lesaka, eta azaldu digunez, aurten aukeratu duten gaia xakea da. Aurreko urteekin konparatuta, aurten «jantzi sinplea» prestatu dutela aitortu du Lesakak, izan ere, arropaz gain, buruko osagarri gisa erabiliko duten txanoa soilik eramango dute soinean. Txanoak xake-jokoaren figuren irudikapenak dira. Konpartsako kideak azaldu du osagarriak arinak izateak daukan garrantzia, izan ere, Inauterietan ordu asko pasatzen dituzte dantzatzen, eta «oso nekatuta» bukatzen dutela aitortu du. «Aurten buruko osagarriak egiteko material berri bat aurkitu dugu, moldatzeko erraza eta oso arina», jakinarazi du pozik Lesakak.
Konpartsa gaztea
30 bat kidek osatzen dute Betiko Zuhaitz konpartsa, eta hamahiru urte beteko ditu aurten. Duela bi urte taldearen sortzaileek euren kargua uztea erabaki zuten, eta Lesakak hartu zuen konpartsaren antolaketaren erreleboa. Hala ere, Intxaurrondokoak argi eta garbi adierazi du dantzan 30 pertsona ateratzen diren arren, konpartsaren atzean jende gehiago dagoela, eta guztien lana «ezinbestekoa» dela taldea aurrera atera ahal izateko. Konpartsako kide gehienak adin txikikoak direla azaldu du Lesakak, eta horien gurasoen konpromisoaren garrantzia nabarmendu du.
2019ko Donostiako Inauteriak gozatzeko gogotsu daudela baieztatu du Lesakak, eta aurreratu du datorren urteko Inauterietarako hainbat gairen inguruan lanean dabilela dagoeneko.