Flo Rodriguez Da Costa: «Auzoak egongo dira erdigunean»
Euskal Herriko mugimendu feministako kidea da Flo Rodriguez Da Costa, eta Zarautzen jaio zen arren, Donostian bizi da gaur egun. Hirian martxoaren 8ko greba feminista prestatzen hasi ziren duela hilabete ugari, eta mobilizazio feministak hirian izango dituen nondik norakoen berri eman digu Rodriguezek.
Flo Rodriguez Da Costa (ezkerretik hirugarrena) eta hiru kide, Emakumeen Etxeko sotoan. (Argazkia: Irati Salsamendi) Nola definituko zenuke greba feminista bat?
Baimena ematen badidazu, greba feministarako sortu dugun txostenetik irakurriko dut greba feminista zer den, oso modu egokian azalduta dagoelako: martxoaren 8an emakume*, trans eta bollerek lan guztiak, soldatapeko zein doako lanak, egiteari utzi eta kaleak hartuko ditugu. Greba feministak bizitzako esparru guztiei aurre egiten die, indarkeriari, parekidetasun ezari, prekarietateari, sexualitate eredu hegemonikoei, lanen sexuaren araberako banaketari, kontsumo ereduari, familia patriarkalari, jakintzen hierarkizazioari, arrazakeriari, edertasun kanonari, eta zapalkuntza guztiei.
Greba feministak emakumeon* bizitzak zeharkatzen dituen zapalkuntza guztiak jarri nahi ditu jomugan, eta horretarako, bost ardatzetan oinarritu dugu aurtengo greba: pentsiodunak, ikasleak, zaintza, enplegua eta kontsumoa.
Aurten, bereziki, zaintza lanen gatazka jarri nahi izan duzue erdigunean. Zer esan nahi du horrek?
Aurtengoa 24 orduko greba izango da, eta lantokietan eta ikasgeletan planto egiteaz gain, zaintzari oso lotuta egongo da borroka.Greba egiteko modu klasikotik atera, eta emakumeok* bizitzako esparru guztietan daukagun papera aldarrikatzeko helburua izango du. Iazko grebaren leloetako bat gogora ekarrita, aurten ere mundua gelditzeko daukagun gaitasuna berreskuratu nahi dugu.
Gainera, zaintzari buruz ari garenean, zaintzaren termino zabal bati buruz ari gara, eta barnean dago, esaterako, emakumeok* geure buruak zaintzeko ditugun tarte eta espazioen aldarrikapena. Mahai-gaineratu nahi dugu baita ere bizitzako arlo guztietan egiten ditugun zaintza lanak, maiz ikusgarriak ez direnak, baina beharrezkoak direnak, esaterako, militantzia eta lan esparruetan hartzen ditugun zaintza ardurak. Azken finean, zaintza lan guzti horiek dira sistemaren engranajea.
Zaintza lanen gatazkarekin lotuta dago ere lanen sexuaren araberako banaketa. Esaterako, gaur egun, oraindik, gehiengoa gara erizaintzako ikasketetan, azken finean, hori delako gizarteak ezarri digun rola. Ezin dugu ahaztu, soldatapeko zaintza lanetan gabiltzan gehiengoa ere emakumeak* garela, eta guztiz prekarizatuta dauden enpleguak direla.
Kontsumo grebak ere garrantzia handia izango du. Iazko grebako ahulgune bat izan zen, eta aurten kontsumoa eten nahi dugu, benetan. Gainera, ez du balio aurreko egunetan bikoitza kontsumitzea, zentzua galtzen duelako.
Aipatu dituzun soldatapeko zaintza lan prekario horietan dabiltzan asko migratzaileak dira…
Migratzaileek egin behar izaten dituzten soldatapeko zaintza lanak beti dira prekarioak. Gainera, prekarietate hori ez dago bakarrik soldatarekin lotuta, baizik eta orokorrean dituzten lan baldintzekin. Asko oso urruti dauden enplegu duin bat izatetik. Horregatik, antikolonialismoaren beharra azpimarratu nahi dugu martxoaren 8an.
Nola izan da greba feministaren prestaketa prozesua Donostian?
Duela hilabete batzuk egin genuen grebako lehen bilera irekia. Hasieratik erabaki genuen energia berezia jarriko genuela iazko greban iritsi ez ginen emakume* askorengana heltzeko. Enfasi berezia jarri dugu horretan, eta nik uste dut helburua lortu dugula. Deialdi zabalak egiten saiatu gara, eta iazko greban modu aktiboan parte hartu ez zuten eragile eta pertsona asko batu dira grebaren prestaketara. Adibidez, SOS Arrazakeria taldea eta emakume* migratzaileen talde gehiagok bat egin dute grebarekin.
24 orduko greba izango denez, jarduerak eta ekintzak egongo dira egun osoan zehar, gaueko hamabietatik hasi eta egunaren amaiera arte. Hirian bi mobilizazio nagusi egingo ditugu: lehena, 12:00etan Bulebarrean, eta bigarrena, Antiguako tuneletik 19:00etan aterako den manifestazioa.
Gainera, aurten indarrak eta fokua deszentralizatzeko ahalegina egin nahi izan dugu, eta auzoak egongo dira erdigunean. Auzoetako taldeek eta asanbladek lan izugarria egin dute, eta jende ugari batu da tokian tokiko prestaketetara. Martxoaren 8an egitarau zabalak prestatu dituzte, eta jarduera eta ekintza asko egingo dira auzoetan.
Lehengo urtean bezala, bizikleta martxa erraldoi bat egiteko asmoa daukagu, auzoz auzo joango dena. Hiriko txoko bakoitzeko emakumeak* jaso, eta Bulebarreko mobilizaziora marea more bat iristea da gure helburua. Hala ere, hiriko grebaren eta auzoetako egitarauen nondik norakoak martxoaren 2an aurkeztuko ditugu, Zuloaga plazan 11:00etan egingo dugun ekitaldi batean.

