Inauteriak bizitzeko hamaika modu
Atzo hasi ziren Donostiako Inauteriak, Illunben egindako konpartsen aurkezpenarekin. Bi astez luzatuko dira, izan ere, hilaren 16an amaituko dira. Galdu ezin diren hainbat jarduera nabarmendu ditugu.
1_Amara Berriko Inauteriak. Gaur, martxoaren 1ean, 18:00etan, Inauteriak ospatuko dituzte. Amara Berriko auzo elkarteak antolatuta, haur eta gazteentzako mozorro lehiaketa egingo dute Arcco merkataritza gunearen 1. solairuan. Aurten aukeratu duten gaia Asia da, eta 19:00etan pintxo-potea hasiko dute, auzoko tabernetatik zehar.
2_Konpartsen aurkezpena. Gaur, 18:30ean Momo jainkosari harrera egingo diote Londres hotelean, eta Taupada batukadak girotutako kalejira egingo dute Urdaneta kalera arte, Momo jainkosa bidean zehar laguntzeko.
3_Egiako Inauteriak. Larunbatean, martxoaren 2an, Egia kolorez eta musikaz beteko dute auzotarrek. 11:00etan Aitor ikastola eta Denok Taldea konpartsek desfilea egingo dute Egiako kaleetan zehar. Gainera, Egia Bizirik auzo elkarteak inauterietako festa antolatu du egun horretarako. 12:30ean elkarretaratzea eta pintxo-potea egingo dute Plaza Haundin, eta, ondoren, 14;30ean, herri bazkaria egingo dute Arrano elkartean. Arratsaldean, 18:00etan, mozorro kalejira egingo dute auzoan zehar.
4_Goiztiriak. Larunbatean, martxoaren 2an, 11:30ean, Los Pasai txarangak girotutako kalejira egingo dute Zuloaga plazatik Londres hotelera. Han, pijama soinean duen jende multzo batek Momo jainkosari abestuko dio, esna dadin. Handik udaletxera joango dira eta agintaritzak boterea Momo jainkosaren eskuetan utziko du, Inauteriak irauten duten denborarako.
5_Antiguotarrak dantza taldearen inude eta artzainen konpartsa. Inude eta artzainen kalejirak urte andana daramatza Inauterietan Antiguako kaleak alaitzen. Antiguotarrak dantza taldeak auzoko eragileekin batera antolatzen dute festa, eta aurten, Antiguako jai askotan parte hartzen duen Iraunkorrak txarangak 25 urte egingo ditu.
6_Donostiako Piratetako Eskifaia kofradiaren Inauteriak. Larunbatean Inauterietako jaialdi pirata egingo du Eskifaia kofradiak. ‘Usteak erdi ustel’ gaia proposatu dute, eta 12:00etan triki-poteoa egingo dute, Amarako La Bodeguilla tabernatik hasita. 14:00etan bazkari herrikoia egingo dute Amarako frontoian, eta ondoren bingo musikatua egingo dute. 17:00etan zuzeneko emanaldiak egingo dituzte Esentzia eta Maxuxta taldeek.
7_Inauterietako desfilea Erdialdean. Larunbatean ,17:00etan, Inauterietako desfilea eta konpartsen eta karrozen lehiaketa egingo dute Erdialdean. 26 konpartsak kolorez eta fantasiaz beteko dituzte Erdialdeko kaleak.
8_ Groseko Inauteriak. Larunbatean ospatuko dituzte Inauteriak Grosen, Ubarroiak kofradiak, Groseko jai batzordeak eta Groseko gurasoen elkarteak antolatuta. 17:00etan buruhandi eta erraldoiek kalejira egingo dute Hondarpe auzo elkartearen egoitzatik abiatuta. 19:00etan txokolate jana egingo dute Artetxe Jeneralaren kalean, eta ondoren, Tasaund system taldeak kontzertua egingo du han bertan.
9_Donostiako Inauterietako Antzinako konpartsak. Erdialdean eta Parte Zaharrean zehar ibiliko dira Antzinako konpartsak 19:00etatik aurrera. 20:00etan Konstituzio plazan elkartuko dira guztiak.
10_Sardinaren ehorzketa. Inauteriei agur esateko, Sardinaren ehorzketa egingo dute astelehenean, martxoaren 4an. 19:00etan segizio mexikarrak desfilea egingo du Zo-Zongo eta Eureka taldeekin . Gainera, Los Pasai eta Los Incansables txarangek deabruak, apaizak, mojak, alargunak eta sardina lagunduko dituzte bidean zehar. 20:00etan Sardina erreko dute Alderdi Ederren.
11_Inauterietako desfilea Loiolako Erriberan. Martxoaren 9an, lehen aldiz, konpartsen desfilea egingo dute Loiolako Erriberan. 17:00etan hasiko dute ibilbidea Nemesio Etxaniz kalean, eta, ondoren, Bartzelona hiribidean eta Gregorio Ordoñez kalean dantzatuko dute.