Monumentu multzo izendapena jaso dute
Ulia-Ategorrieta parkeko Soroborda eta Buskando ur-biltegiak, besteak beste, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartu ditu Eusko Jaurlaritzak.
Donostiako Soroborda eta Buskando ur-biltegiak Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedientea abiatu du Eusko Jaurlaritzak. Uliako Auzo Elkartearen urteetako eskaerari erantzuna eman diote. «Donostiako Udalak etengabe oztopoak jarri arren, lortu dugu parkearen balioa babestea», azaldu du Felix Sotok, auzo elkarteko kideak.
Azken hiru urteetan zazpi aldiz eskatu dute parkearen izendapena aldatzeko. «Dokumentuak, argazkiak eta beste bildu ditugu Ulia-Ategorrietako parkea babesteko. Gure iniziatiba, ordea, hasieratik baztertu du udal gobernuak».
Parkean hirigintza proiektuak egiteko jarrera agertu du udalak azken urteetan. «Etxebizitzak eraikitzeko saiakera ugari egin dituzte. Azkenik, EAEko Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zituen udalaren hirigintza asmoak. Ebazpenaren ondoren, udalak Aranzadi elkartea parkean kokatu nahi du. Baina elkarteak beste hamar urterako alokairua lortu du Zorroagan», esan du Sotok.
Eusko Jaurlaritzak ezarritako babes eremuak ez dio auzo elkartearen eskaerari bere osotasunean erantzuten. «Ez ditu aintzat hartzen belardiak, zuhaiztiak eta beste hainbat eremu. Halere, parkea eta ingurua babestea du helburu, eta aurrerantzean ezingo dira hirigintza proiektuak aurrera eraman. Ukiezinak dira Monumentu Multzoan txertatu dituzten elementuak».
Harremanik ez dute
Ebazpenaren ondoren, udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia ez dira auzo elkartearekin harremanetan jarri. «Ez dute gure iniziatiba gustuko, ezta ere parkearen aldeko gure jarrera. Ulertezina da hori», kritikatu du Sotok. Eneko Goia alkateari bilera eskaerak egin dizkiote, baina ez dute erantzunik jaso.
Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedientea indarrean sartuko da Gipuzkoako eta EAEko buletin ofizialetan argitaratu eta hogei egunetara. Bitarte horretan helegiteak aurkezteko aukera dute aferan interesa duten alde guztiek.