Maider Lopez Sagastume: «Oso pertsonaia garrantzitsua da»
Psikologiako ikaslea, ume zaintzailea eta kiroldegi batean hainbat jardueratako monitorea da Maider Lopez Sagastume (Egia, 1996). 16 urte daramatza Denok Taldean dantzatzen, eta aurtengo Inauterietan Momo jainkosa izateko ardura egokitu zaio.
Urte asko eman dituzu Denok taldean dantzatzen. Nola hasi zinen?
Aspalditik ateratzen naiz Donostiako Inauterietan. Ni oso txikia nintzenean nire ahizpak dantzatu egiten zuen eta bera ikustera joaten nintzen. Nik dantzatzea oso gustuko nuen eta bera jarraitzen nuen edonora. Ikusi nuenean zer nolako sentsazioak eragiten zizkidan dantzatzeak erabaki nuen parte hartu nahi nuela.
Sei urterekin Denok taldean izena eman nuen, nire ahizpa, nire ama eta familiako beste batzuekin. Orduan hasi zen guztia. Ordutik aurrera urtero apuntatu nintzen konpartsan eta hazi nintzenean nire laguntza eskaini nuen laguntzen hasteko; esaterako, dantzak prestatzen laguntzen nuen. Momentu batean proposatu zidaten antolakuntzan nire parte hartzea handitzea, eta orduan hasi nintzen Denok taldearen buruetako bat izaten.
Denok taldeko zure hiru kidek osatuko dute zure segizioa. Nortzuk dira?
Judith Sanchez, Ana Gil eta Mikel Nuñez dira. Judith nirekin batera sartu zen Denok konpartsaren antolakuntzan, eta, gainera, berarekin batera hasi nintzen dantzatzen. Mikel pixka bat beranduago hasi zen, gazteagoa delako. Hirugarrena, Ana, ni baino zaharragoa da eta ni konpartsan hasi nintzenean, gogoratzen dut berak dagoeneko dantzatzen zuela.
Duela urte batzuk konpartsa handia ginen, baina gaur egun konpartsa txikia gara, eta niretzat familia baten modukoa da. Nahiz eta urtero sartzen den jende berria, betidanik gabiltzan askok ere jarraitzen dugu urtero.
Zein da Momo jainkosak Inauterietan duen funtzioa?
Oso pertsonaia garrantzitsua da, baina ez dut uste beste maila batean dagoen norbait denik. Konpartsa guztiek egiten dute sekulako lana, eta uste dut lan horren irudikapena dela. Pertsona bakoitzak bere arrazoiak ditu dantzatzen ateratzeko, eta bakoitzak bere sentsazio eta bizipenak izaten ditu. Uste dut Momo jainkosa Inauterietako egunetan izaten ditugun sentsazioen aurkezle bat dela. Desberdintasun horiek izan arren, denok daukagu zerbait elkartzen gaituena, eta Momo jainkosak hori irudikatzen du. Oso berezia da niretzat.
Zer sentitu zenuen Momo jainkosa izango zinela jakitean?
Gure konpartsatik antolakuntza bilera orokorretara joaten den pertsonak komunikatu zigun bilera baten ostean. Esan zigun aurten gure konpartsako norbait izango zela Momo jainkosa. Hasieran adarra jotzen ari zela pentsatu genuen. Ez genuen espero, eta ni oso urduri jarri nintzen. Inauterietan oso ezaguna den figura da, baina inoiz ez nuke pentsatuko niri tokatuko zitzaidala Momo jainkosa izatea.
Zuretzat zein izan ohi da momenturik bereziena?
Ostegunean egin ohi den konpartsen aurkezpena oso polita da. Inauterietan gainerako konpartsekin egiten dugun lehen kontaktua da, eta oso hunkigarria izaten da. Aurten oso urte desberdina da niretzat, eta Inauteriak bukatzerakoan aukeratu beharko dut nire momenturik gogokoena. Momo jainkosa naizenez, ezingo dut beste urteetan bezala desfilatu, baina igandeko desfilean gure konpartsarekin batera egoteko aukera izango dugu nire hiru kideek eta laurok.