Euskarazko hedabideen finantziazioa hobetzeko akordioa aurkeztu dute
Eusko Jaurlaritzak, hiru aldundiek eta Hekimen elkarteak euskarazko hedabideen jarduera diruz laguntzeko hitzarmen berria aurkeztu dute Tabakaleran. Akordioari esker, euskal erakundeek euskarazko komunikabideen garrantzia estrategikoa aitortzen dute eta sektorea egonkortzeko “apustu sendoa” egiten dute. Urtero, 10,5 milioi euro jarriko dituzte lau euskal erakundeen artean.
Hitzarmena bi urteko lanaren emaitza da. Jatorria 2017. urte hasierako da. Orduan, Gipuzkoako Aldundiak eta euskarazko hedabideak biltzen dituen Hekimen elkarteak komunikabide euskaldunen etorkizunaren inguruko hausnarketa bat abiatu zuten. Eusko Jaurlaritzak bat egin zuen gerora gogoetarekin, eta azkenik Araba zein Bizkaiko aldundiak batu ziren.
“Euskararen sustapenean hedabideek duten garrantziaren aitortzatik abiatzen den heinean, erakundeek berresten dute komunkazio proiektu hauek diruz laguntzeko egokitasuna eta beharra”, azaldu du Bingen Zupiria Kultura sailburuak. Halere, gaineratu du komunikabideen bideragarritasuna ez dela erakundeen ardura izango, baizik eta proiektu bakoitzarena.
Hekimen elkartea pozik agertu da akordioarekin. “Norabide egokian emandako lehen pausoa da”, azaldu du Igor Astibia elkarteko kideak. “Pauso garrantzitsua da, eta ezinbestekoa sektoreak bestelako erronkei aurre egiteko”.