Axular Lizeoari eskainiko diote Katxola baserriko lehen txotxa
Irailean hasi zuten Katxola baserrian sagardoaren ekoizpenaren prozesua. Ikasturtearen hasieran sagar bilketa egin zuten, eta urrian zanpatu zituzten fruituak, baserrian egin zuten Sagar Festan. Ateratako zukua 250 litroko bi kupeletan sartu zuten orduan, bat gaztainondo zurarekin egindakoa, eta bestea, haritzaren egurrarekin egindakoa.
Orain, sagardoa dastatzeko unea iritsi da, eta larunbatean, martxoaren 9an, txotxa egingo dute Katxola baserrian. Aurten, 50 urte bete dituen Axular Lizeoari eskainiko diote lehen txotxa.
17:30ean hasiko dute jaialdia, eta arratsaldean zehar sagardoaren antzinako kulturaren inguruko hainbat jarduera egingo dituzte baserrian, Lantxabe auzo elkarteak adierazi duenez, “iragan hurbila oroitzeak gu eta gure ondorengoak aberasten gaituelako”. Era berean, Aieteko buruhandiak eta zezen suzkoa aterako dituzte, eta bolo eta sokatira erakustaldiak egingo dituzte. Boloetan eta tokan jolasteko aukera izango du jendeak.
18:30ean egingo dute txotxaren irekiera, Mikel Eguren, Axular Lizeoko presidentearen eskutik, eta bertsoak abestuko dituzte. Txotxarekin batera auzotarrek prestatutako tortillak jateko aukera egongo da.