'Donostiarra, zu bezala' izango da Ernesto Gascoren kanpainaren leloa
Maiatzaren 26ko udal hautekundeetako kanpainari begira, Donostiarra, zu bezala izango da Ernesto Gasco PSE-EEko alkategaiaren leloa, gaur goizean osotasunean gaztelaniaz egindako aurkezpenean azaldu duenez.
Gascoren arabera, “donostiarra izateko apustua” transmititzen du leloak, eta “Donostiaren izaera” islatzen duen hautagaitza da berea. Izan ere, azaldu duenez, zerrenda “plurala” aurkeztuko dute, “jatorri desberdineko gizon eta emakumeek” osatutakoa. Zerrendako kideen artean “ñabardura ideologikoak” dituztela nabarmendu du Gascok, baina denak “ezkerretik, progresismotik eta nazionalismo zentzudunetik” datoztela.
Bere hautagaitza “elkarbizitzaren plataforma” dela aipatu du PSE-EEko alkategaiak, eta “hiri politikak” egingo dituztela, Donostia “nazioarteko hiri kosmopolita” izateko bidean. Azken lau urteetan gobernatzeko duten gaitasuna erakutsi dutela azpimarratu du azkenik Gascok, eta horrek “saria” izango duela datorren maiatzaren 26an.