Emakumeen kirola sustatzeko #GoazenNeskak kanpaina abiatu du udalak
Donostia Kirolak emakumeen kirola sustatzeko kanpaina berri bat sortu du 14 eta 18 urte bitarteko neskak hiriko klub ugarietara hurbiltzen laguntzeko asmoz. Egitasmoa #GoazenNeskak izenburupean aurkeztu dute, eta sare sozialen bidez zabalduko da batez ere. Kanpainaren elementu nagusia Donostiako hainbat taldetako jokalari gazteekin grabaturiko bideoa da:
Kanpainaren aurkezpenean, Martin Ibabe Kiroletako eta Gazteriako zinegotziak emakumeen kirolak Donostian duen garrantzia nabarmendu du. Izan ere, aurtengo denboraldian, guztira maila gorenean lehiatzen diren hamar talde donostiar zenbatu ditu udalak: Bera Bera (eskubaloia), Reala (belar hockeya eta futbola), Ibaeta Basket (saskibaloia), Donostiako Atletiko (atletismo eta softbola), Txuri Urdin (izotz hockeya), Txuri Berri Curling (Curling) eta Arraun Lagunak eta Donostiarra (arrauna).
Datu horrekin, Donostia hirugarren postuan kokatu da maila gorenean emakumeen taldeak dituzten estatuko 84 hirien sailkapenean, soilik Bartzelona (11 talde) eta Madrilen (14 talde) atzetik. Era berean, hirian 18.667 biztanleko emakumeen goi mailako talde bat dagoela azpimarratu du Ibabek.