Forma hartu du Antiguako greba feministak
Martxoaren 8rako egun gutxi falta dira eta Donostiako hirietako asanbladak grebarako prestatu dituzten jardueren eta ekintzen berri ematen hasi dira. Aurten, grebaren egunerako indarrak eta fokua deszentralizatu nahi izan dituzte, eta auzoetako dinamikak eta mobilizazioak indartu dituzte.
Antiguan, Txitxibitxiak talde feministak hainbat bilera ireki egin ditu, greba feministaren egunean egingo dituzten ekintza eta jarduerak prestatzeko. Beste auzoetan bezala, goizean goiz hasiko dira kaleak betetzen, baina bezperan ere, martxoaren 7an, feminismoa jarriko dute erdigunean. Izan ere, Euskal Herriko gazteek pairatzen dituzten prekarietate egoerak mahai-gaineratzeko helburuarekin, Ibaetako Ernaik Bertsokada antolatu du Antiguako Platero tabernan. Ostegunean, Ane Labaka, Maialen Akizu eta Maddi Ane Txoperena bertsolariek, feminismoa izango dute hizpide.
Hona hemen Antiguako greba feministaren egitarau osoa:
- 9:30 Gosaria Txalupagilene plazan
- 10:00 Apainketa masiboa
- 11:30 Indarrak batzera! Luberriko sarreran
- 12:00 Kalejira aldarrikatzailea auzotik
- 14:30 Bazkaria: eguraldi ona eginez gero, Gaskunia plazan izango da, eta eguraldi txarrarekin Mikel Laboa plazako frontoian
- 16:30 Tailerrak, Ondarretako lorategietan
- 19:00 Manifestazioa Antiguako tuneletik