Karpa didaktiko bat jarri dute Alderdi Ederren, Asteklima dela eta

asteklima karpa Argazkia: Cristina Enea Fundazioa.

Martxoaren 1etik abian da Asteklima, Euskadiko Aste Klimatikoa, jarduera nagusia nazioarteko Change The Change konferentzia duena. Horren harira, karpa didaktiko bat jarri dute Donostiako Alderdi Ederreko lorategietan, hiritarrei klima aldaketaren fenomenoaren berri emateko.

Martxoaren 4an ireki zuten karpa, eta hilaren 10a arte egongo da zabalik, egunero 11:00etatik 20:00etara. Hainbat jarduera egingo dituzte bertan, hala nola, dokumentalen proiekzioa eta hitzaldiak helduentzat, eta ikastaroak eta ipuin kontaketak haurrentzat.

Haritzalde Naturzaleen Elkartearen kritikak

Badira Asteklimarekin kritikoak agertu diren herritarrak ere, Haritzale Naturzaleen Elkartea, kasu. Naturzaleek salatu dutenez, klima babesteko aholkuak ematen ari dira Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiak, beraiek klimaren kontrako politikak aurrera eramaten ari diren bitartean.

Zubietako erraustegiaren eraikuntza, oxido kuprosoaren erabilera pinudiak fumigatzeko, Gipuzkoako Biodibertsitate Kontseiluaren inaktibazioa, Natura 2000 sarearen garapena ukatzea eta sareko natur esparruetan pista sareak sustatzea, mehatxaturik dauden espezien ehiza baimentzea, baliabide naturalak modu jasangarrian ustiatzea, ordezko energia iturriak baztertzea eta mota guztietako ibilgailuei laguntzak ematea aipatu dituzte naturzaleek. Horregatik, erraustegien aurkako martxoaren 5 eta 6ko Alderdi Ederreko elkarretaratzeetara joateko deialdia egin dute.

HITZAkide HITZAkide