Altza XXI herri egitasmoak Eguzkitza parkea babestea lortu du
Donostiako Udalak ez ditu profesionalentzako baratzeak jarriko Eguzkitza-Gaina parkearen eremuan. Altza XXI herri egitasmoak lortu du udalaren asmoa bertan behera uztea. Parkea babesteko 500 sinadura bildu zituzten aste eta erdian, eta ondoren udaletxean aurkeztu zituzten.
Otsaila hasieran Donostia Urban Lur proiektua jarri zuen abian udalak. Langabetuentzat baratze profesionalak ahalbidetuko ditu Auditz Akular eremu naturalean. 4.000 eta 6.000 metro koadro arteko sei partzela zehaztu zituen Donostia Sustapenak, eta partzela horietako batean kokatu zuten Eguzkitza-Gaina parkea. Horren aurrean, Altza XXI egitasmoak udalaren jarrera salatu zuen ohar baten bidez, eta sinadura bilketa egingo zuela iragarri zuen. Azkenik, Sustapenak parkea Urban Lur proiektutik erretiratu du “akats bat” izan zela argudiatuta.
IRUTXULOKO HITZAk Altza XXI egitasmoarekin hitz egin du, eta ostiraleko astekarian gertatu denaren inguruko xehetasunak irakurri ahal izango dira. Aldiz, Donostia Sustapenak ez ditu hedabide honen galderak erantzun nahi izan.