Garberako suhiltzaileen parkea bisitatu ahal izango dute hiritarrek
Argazkia: Donostiako Udala. Iaz egin bezala, San Joan Jainkoarena suhiltzaileen patroiaren eguna ospatuko dute Donostiako suhiltzaileek larunbatean, hilaren 9an. Garberako suhiltzaileen parkea hiritarrentzat irekiko dute 10:00etatik 13:00etara, eta haur eta helduentzako jarduerak egingo dituzte.
Bi jarduera nagusi antolatu ditu larunbaterako Donostiako Udaleko Prebentzio Su Itzailketa eta Salbamendu Zerbitzuak (PSISZ): Su itzalketak egingo dituzte alde batetik, eta PSISZk eskaintzen dituen beste programa eta zerbitzuak erakutsiko dituzte bestetik. Horretaz gain, suteak ekiditeko aholku batzuk ere emango dizkiete hara hurbiltzen diren pertsonei. Suhiltzaile parkeko hainbat langilek hartuko dute parte jarduera horietan, suhiltzaileetatik administrarietara.
Bestalde, iazko jarduerekin alderatuta, aldaketak egin dituzte aurten: 900 pertsona egon ahal izango dira gehienez patioan, arnesa behar zuten jarduerak kendu dituzte dena bizkortzeko, eta ez dute Dbus zerbitzu berezirik antolatu, aurreikusita zuten bira ez zelako bideragarria.
Larunbateko jardueretaz gain, ostegunean, hilaren 7an, suhiltzaileen parkeko langile batzuek Donostiako Ama-Haurren Ospitalean eta Ospitale Psikiatrikoan ingresatuta dauden pertsonak bisitatuko dituzte. Opariak emango dizkiete pertsona horiei, eta baita suhiltzaileen lanaren berri ere.

