Wikimedia eta Hezkuntza konferentzia egingo dute apirilean
Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak Wikimedia eta Hezkuntza nazioarteko lehen konferentzia egingo du Donostian, apirilaren 5etik 7ra bitartean. Mundu osoko 50 herrialdetatik etorritako 130 pertsonek parte hartuko dute, guztira 50 aurkezpen baino gehiagorekin. Wikipediak eta bere inguruan dauden proiektuak eta hezkuntzak duten harremanari buruz eztabaidatu eta ikasteko aukera egongo da.
Egitarauari dagokionez, apirilaren 5eko irekiera hitzaldia Donostiako Udaletxeko udal batzar aretoan izango da. Mary Burns adituak eskainiko du 18:45ean hasita. 100 argitalpen baino gehiago ditu Burnsek eta irakasleen formakuntzan eta hezkuntzaren erronka berrien inguruan aditua da.
Dena dela, apirilaren 6a izango da konferentziaren egun nagusia. Katherine Maher adituaren hitzaldiarekin abiatuko dute jardunaldia, Wikimedia mugimenduan hezkuntzak duen paperari buruz. Maher Wikimedia Fundazioko zuzendari exekutiboa da. Ondoren egun osoan zehar hitzaldi, eztabaida, ikastaro eta posterren erakusketa izango dugu. Lau eremutan banatuta, Tabakalerako 4. pisuan izango dira.
Hirugarren eta azken egunean, apirilaren 7an, hezkuntza estrategia eta Korrika izango dira protagonista. Goizean Wikimedia 2030 estrategian hezkuntzak duen paperari buruz eztabaidatzeko aukera izango dute. Arratsaldean, berriz, Milafrangara (Lapurdi) joango dira Korrikako 749. kilometroan parte hartzera.