Aparkalekua ere nahi dute auzotarrek
Loiolako zeharbidea berritzeko proiektua onartu du udalak, eta Urumea Ibaia auzo elkarteak kritikatu du ez diola erantzuten auzoak duen aparkaleku gabeziari.
Parte hartze prozesu baten emaitza da Loiolako zeharbidea berritzeko proiektua. Donostiako Udala auzotarrekin elkartu eta erabaki batzuk hartu zituzten. Zeharbidearekin batera, auzotarrek aparkatzeko duten arazoari aurre egiteko parking bat eraikitzea adostu zuten. Baina arrazoi ekonomikoengatik aparkalekua egitea baztertu zuen udalak.
Otsailaren 19an Eneko Goia alkateak Loiolako zeharbidearen hirigintza proiektua aurkeztu zuen. Espero bezala, proiektuak ez du aurreikusten auzotarrek eskaturiko aparkalekua. Dena dela, Goiak azpimarratu zuen aparkatzeko 86 leku sortuko direla. Horrek Loiolako Urumea Ibaia auzo elkartearen haserrea piztu zuen.
«Alkateari ez zaizkio kontuak ongi ateratzen, edo gezurretan ari da: aparkatzeko 200 plaza kendu, eta 86 sortuko direla dio», adierazi zuen auzo elkarteak sare sozialetan. Izan ere, zeharbidean aparkatzeko leku asko kendu dira azken urteetan. «Topoaren geltokia egin aurretik 260 inguru zeuden. Gaur egun, ordea, 190 daude eta zeharbideko lanekin hasten direnean 110 inguru geratuko direla aurreikusten dugu», azaldu du Igor Alonsok, auzo elkarteko kideak. Horregatik, parking bat eraikitzea ezinbestekoa dela uste dute. «Guretzako proiektuan batera doaz zeharbidea eta ibilgailuentzako aparkalekua».
Bilera ugari
Loiolako parte hartze prozesua egin ondoren, hainbat bilera egin dituzte auzotarrek udaleko zinegotziekin. «Hasiera batean proposatu genuen lurrazpiko parkinga baztertu ondoren, azalpenak eskatzeko bilera bat egin genuen iazko uztailean. Lur-gaineko aparkaleku bat proposatu genion udalari, La Salle ikastetxearen alboan», adierazi du Alonsok. Duela bi hilabete proposamen horri ere ezezkoa eman zion udalak.
Otsail hasieran egin zuten azken bilera, eta aparkalekuaren inguruko udaletik lanketarik egin ez zutela aitortu zieten Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak eta Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak. «Proiekturik ez zegoela esan ziguten. Sei hilabetetan ez zuten ezertxo ere egin. Ordea, egun gutxira alkateak proiektua aurkeztu zuen, eta gainera, aparkatzeko tokiak sortuko zituztela esan zuen. Gezurretan ari da», dio Alonsok.
Aparkalekuaren aferan udalak oso bestelako ikuspegia du. «Bizilagunek ez digute eskatu aparkaleku bat eraikitzeko, aparkatzearen arazoari irtenbide bat emateko, baizik. Horretan ari gara», azaldu dute. Beste aukera batzuk aztertzen ari dira. «Tartean, TAO sistema Loiolan ezartzea. Horren bidez arazoari irtenbide egokia ematen ez bazaio, beste aukera horiek aztertuko dira, baita ere lur-gaineko aparkalekua egitea».
Zeharbideko igogailua
Loiolako auzo elkarteak proiektuak aurreikusten duen igogailua zalantzan jarri du. «Aparkalekurik egiten ez bazen ez zela igogailurik egingo esan ziguten, Mugikortasun Bertikalaren plangintzan lehentasunik ez duelako», esan du Alonsok.
Nolanahi ere, udalak aurkeztu duen proiektuak igogailua egitea aurreikusten du zeharbidearen mendebaldean. «Ramosekin hitz egin nuen gertatu dena argitzeko. Igogailua proiektutik kendu ez dela esan zidan. Baina guri azken bileran esan ziguten ez zela egingo».Udalak aitortu du une honetan igogailua proiektuaren barruan dagoela, baina aurrekontuaren arabera egingo dela.
Loiolako zeharbideak 6,8 milioi euroko aurrekontua du, eta lanekin 2019ko bigarren seihilekoan hastea aurreikusten du udalak. Hiru bide izango ditu; bi Loiolako Erriberako norabidean, eta bakarra, Txomineneko norabidean. Mendebaldean bidegorria izango du, eta zuzeneko bidea egingo du Urdinzuko zubia bitarte. Txikiagoa izango da ibilgailuentzako gunea, eta beraz, oinezkoek eremu zabalagoa izango dute.