Parkea babestea lortu dute
Altza XXI herri egitasmoak udaletxean 500 sinadura aurkeztu ondoren, Donostia Sustapenak Urban Lur proiektutik erretiratu du Eguzkitza-Gaina parkea. Otsailean hasi ziren lanekin Auditz Akularren.
Donostiako Udalak ez ditu profesionalentzako baratzeak jarriko Eguzkitza-Gaina parkearen eremuan. Altza XXI herri egitasmoak lortu du Donostia Sustapenak sustaturiko proiektutik parkearen partzela erretiratzea. Parkea babesteko 500 sinadura bildu zituzten aste eta erdian, eta ondoren udaletxean aurkeztu zituzten.
Otsaila hasieran Urban Lur proiektua jarri zuen abian udalak. Horren bidez, baratze profesionalak ahalbidetuko dituzte Auditz Akular eremu naturalean. 4.000 eta 6.000 metro koadro arteko sei partzela zehaztu ditu Sustapenak, eta partzela horietako batean kokatu zuten Eguzkitza-Gaina parkea. Horren aurrean, Altza XXI egitasmoak udalaren jarrera salatu zuen ohar baten bidez, eta sinadura bilketa egingo zuela iragarri. Esan eta egin. Herritarren sinadura horiei esker parkean ez dituzte baratzeak jarriko.
Gertaturikoa ezagutzeko Irutxuloko Hitzak Altza XXI herri egitasmoarekin hitz egin du. Aldiz, PSE-EEk ez du argibiderik eman nahi izan. Hain zuzen ere, sozialistek kudeatzen dute Donostia Sustapena erakunde publikoa, eta Ernesto Gasco alkateordea da egungo zuzendaria. Kexatu eta sinadurak udaletxean aurkeztu ondoren, dei bat jaso zuen herri egitasmoak pasa den asteko ostiralean. «Sustapena erakundea gurekin harremanetan jarri zen argibideak emateko. Eguzkitza-Gaina parkea Urban Lur proiektuan ez zela sartzen esan ziguten. Akats batengatik agertzen zela infografian».
Parkea babesteko helburua lortu arren, Alkatetza sailarekin bildu ziren azalpenak eskatzeko. «Argi geratu zitzaigun sozialisten eta Gascoren kontu bat izan dela. Alkateak berak ez zekien baratzeak sortzeko lekuak erabakita zeudenik, eta are gutxiago partzelak egokitzeko lanekin hasi zirenik».
Baratzeen egitasmoaren berri izan orduko, Altzako Barrutiko kideekin hitz egin zuen herri egitasmoak. «Beraiek ere ez zuten proiektuaren berri makinak han ikusi dituzten arte. Hurrengo egunetan Barrutiko ordezkari batzuek kexaren bat aurkeztuko dutela uste dugu».
Hauteskundeei begira
Urban Lur proiektua udal hauteskundeei begira abian jarri dutela uste du herri egitasmoak. «Elikadura burujabetzaren filosofiarekin bat egiten dugu, baina uste dugu nekazaritza ereduaren inguruko eztabaida bat beharrezkoa dela auzoko berdeguneak nola erabili erabakitzeko».
Alde batetik, pozik daude auzotarrek atondu duten parkea bere horretan mantenduko delako. Bestetik, ordea, ez dira fio aurrerantzean gertatu daitekeenaz. «Bi aste daramate Auditz Akularreko maldak berdintzen, lurrak lautzen eta bideak egiten. Hondeatzaile makinek lanean jarraitzen dute. Zorionez, lortu dugu parkera ez iristea eta eremua babestea».
Hilaren 30ean auzolanerako deia egin du herri egitasmoak. «Parkea eraikitzen jarraitzeko asmoa dugu. Mahaiak jarri genituen eta aisialdirako eremua egokitu. Auzotarrentzako eremu bat dela aldarrikatzen dugu».
Proiektuaren aurkezpena
Donostiako Udalak, Sustapena erakundearen bidez, otsailaren 12an aurkeztu zuen Donostia Urban Lur egitasmoa. «Nekazaritza-sektorea ezagutzea sustatzeko asmoarekin jaio da», adierazi zuen Ernesto Gasco alkateordeak.Nekazaritzako produktuen ekoizpenean oinarritutako enpresa proiektua abian jarri nahi duten herritarrei zuzendurikoa da.
Horrekin batera, hainbat baliabide eskainiko dizkiete: laborantzarako lursaila eta azpiegitura egokiak, lana egiteko tresnak, nekazaritza eta negozio arloko prestakuntza teknikoa eta produktuak merkaturatzeko laguntza eta aholkularitza. «Bakoitzak 2,74 hektareako eremua izango du, ur-hornidura, 380 metroko berotegi tunela eta ibilgailu mekanikoentzako sarbidea».
Altza XXI herri egitasmoak prentsaren bidez izan zuen proiektuaren berri, eta horregatik egin zuen salaketa publikoa. «Pozten gara udalak noizbait lurrak etxebizitzak eraikitzeko ez den beste erabilerarako aintzat hartu izana. Baina onartezina da egitasmoa herritarrek ezer jakin gabea abian jarri izana». Era berean, ez dute ulertzen zergatik erabaki duten baratzeak kokatzea Santa Barbara eta Arriberriko bizilagunek aisialdirako duten eremu bakarrean.
Parkea babestea lortu badute ere, Urban Lur proiektuan aurreikusitako sei partzelak egingo dituzte Auditz Akularren.