Etxebizitza aholkularitza eskainiko die udalak adinekoei
Adinekoei etxebizitzaren inguruan informatzeko eta aholkua emateko zerbitzu bat ari da diseinatzen Donostiako Udala. Zerbitzu hori, itxura guztien arabera, hurrengo agintaldian jarriko da abian.
Asmoa da batez ere adinekoei argibideak ematea etxebizitzaren inguruko erabakiak hartu behar dituztenean eta bestelako kontuak antolatu behar dituztenean. Hala nola, irisgarritasuna hobetzea, etxebizitza egokitzea eta zatitzea. Egitasmoa Donostia Lagunkoia programaren barruan sartzen da.
Donostian, 1.623 eraikin daude igogailurik gabe, eraikin guztien %17, eta horietan, 29.045 pertsona bizi dira, hau da, biztanleen % 15,6. 65 urtetik gorako 5.034 pertsona bizi dira 2. solairuan edo goragoko solairu batean, igogailurik gabe. Horietatik, 80 urte baino gehiago dituzte 1.782 pertsonak. Etxebizitzaren tamainari dagokionez, % 30,4 lagun bakarrekoak dira, guztira, 23.437. Batez besteko azalera, aldiz, 80-85 metro koadrokoa da.
Maiatzera bitartean hiru prototipo abiaraziko dituzte: laguntza eredu berri bat (Etxegintzaren bidez), etxebizitzari buruzko informazioa eragileen bitartez, eta atez ateko zerbitzua (Gizarte Ekintza sailarekin batera).
Informazio gehiago topa daiteke Donostia Lagunkoiaren webgunean.

