"Jauzi kualitatiboa eman dugu gure aldarrikapenak sendotu ditugulako"
Euskal Herriko mugimendu feministak martxoaren 8ko grebaren balorazio orokorra egin du Donostiako Emakumeen Etxean.
“Grebak jarraipen handia izan du, zenbaezina da herriak kalea hartzean duen indarra. Horregatik, ez dago daturik martxoaren 8an gertatutakoa jasoko duenik”, adierazi du mugimendu feministak.
Iazko grebaren arrakasta eta jarraipenaren ondoren, aurtengoa esanguratsuagoa izan dela nabarmendu dute. “Aurten, arrakasta kuantitatiboaz gain, jauzi kualitatiboa eman dugu gure aldarrikapenak eta oinarri politiko feminista, antikapitalista eta antiarrazistak sendotu ditugulako”.
Pasa den ostiralean “urrats handia” egin arren, mugimendu feminista helburuetatik “urrun” dagoela esan dute. “Urrun gaude emakumeok* dohainik egiten ditugun lanak sozializatzetik. Beraz, grebak azaleratzen dituen gatazketan sakontzen jarraituko dugu”. Hain zuzen ere, bost ardatz izan ditu aurtengo grebak, lanaren kontzeptu klasikoa eraldatzeko asmoz: zaintza, kontsumoa, pentsiodunak, ikasle gazteak eta soldatapeko lana.
Lan esparruan grebak jarraipen zabala izan duela azpimarratu dute. Baita ere, gizarte ongizate esparruan –egoitzak, etxez etxeko laguntza, eskuhartze soziala–, hezkuntzan, Osakidetzan, udal eta foru aldundietan, EAEko administrazioa eta justizia alorrean eta garraio publikoan. Zerbitzuen eta industrien sektorean ere grebak jarraipen garrantzitsua izan du.