Zuhaitzak landatu dituzte Loiolako Erriberan
(Argazkia: Haritzalde naturazaleen elkartea) Erribertxo kultur elkarteak eta Haritzalde elkarteak antolatuta, Zuhaitz eguna egin dute Loiolako Erriberan. Atzo elkartu ziren Urumea ibaiaren ondoan, Mikel Laboa pasealekuan, zuhaitzak landatzeko. Izan ere, aurten ibai ertzetako haltzadi eta baso mistoan jarri dute fokua, espezie ugariz osatutako zuhaiztia sortzeko. 2014an ere landaketa herrikoia egin zuten. Beraz, aurretik baziren beste hainbat zuhaitz landatuta han bertan: haltzak, zumarrak, astigar txikiak, urkiak eta haritzak.
Ekintza honen bidez, hemengo zuhaitz eta basoen garrantzia transmititu nahi du Haritzaldek. “Zuhaitzak uholdeei zein klima aldaketari aurre egiteko tresnak dira, oxigenoa ekoizten duen fabrikak dira, airea garbitzen dute, lurra sortzen laguntzen dute, zarata gutxitzen dute, eta aisialdirako gune izateaz gain, jatekoa eta egurra ere ematen dizkigute”, azaldu du naturzaleen elkarteak.
1997. urtetik milaka zuhaitz landatu dituzte. Aurten, beste 94 ale gehiago landatuko dituzte: lizarrak, otsalizarrak, haritzak, hurritzak, sagarrondoak, gorostiak, gereziondoak eta intxusa beltzak. Elkarteak eskerrak eman dizkie Donostiako Udaleko Parke eta Lorategikoei, landaketa egiteko aukera ematea-
gatik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, zuhaitzak musutruk emateagatik.


