Eraberritze lanak egingo dituzte udaran hiriko lau ikastetxetan
Eneko Goia alkateak jakinarazi du Tokiko Gobernu Batzordeak hiriko lau ikastetxeren eraberritze lanak egiteko aurrekontuak onartu dituela. Proiektu bakoitzaren adjudikazio prozesua datozen asteetan zehar egingo da, eta enpresa esleipendun bakoitzak hiru hilabeteko epea izango du udaran zehar dagozkion lanak egiteko.
Aurrekontu handiena Altzako Harri Berri Ikastetxearen patioa estaltzeko proiektuari dagokio. Guztira, udalak 320.404 euroko inbertsioa egingo du, ikastetxeko gurasoen aspaldiko eskaerari irtenbide bat eskaintzeko helburuarekin.
Bigarren proiektua Katalina Erauso 8 Ikastetxeko energia eraberritzeko plana da, eta 280.064 euroko kostua izango du. Beste biak, berriz, Intxaurrondo Ikastolako estalkiaren konponketan eta Amara Berri Urbietako patioetako aroztegien berritze lanetan oinarrituko dira, 188.380 eta 238.956 euroko aurrekontuekin, hurrenez hurren.